Euria egin arren, "oso ondo" joan da XVI. Mugari Bira
Jaiak agurtzeko ekintza gisa errotuta dago ajangiztarren artean Mugari Bira. Bi ibilbide izan ditu aukeran hamaseigarren edizioak, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, "giro ederra" nagusitu zen herrian.

Maiatz guztian zehar herria girotu duten jaiei agur esan zieten ajangiztarrek, domekan. Izan ere, herrian sortutako eta herrian errotutako ibilaldia izan zuten aurretik, XVI. Mugari Bira, hain zuzen ere. Antolatzaileek jaietako azken hitzorduaren balorazio positiboa egin dute: “Nahiz eta euri apur bat egin, eta parte hartzaile gutxiago izan, ekintza aurrera atera genuen, eta parte hartzaileak oso alai egon ziren goiz guztian zehar. Oso ondo joan zen dena”.
Bi ibilbide zeuden aukeran: ibilbide luzea eta laburra. Biek ala biek parte hartzaile kopuru “antzekoa” izan zuten: “Ibilbide luzean 82 parte hartzaile izan genituen, eta laburrean, berriz, 80”. Hala, ibilbide bien emaitzarekin “oso pozik” agertu dira antolatzaileak, “ibilbideak ondo seinaleztatuta eta modu seguruan” egon baitziren.
Aritz Basterretxea izan zen ibilbide nagusiko helmugara iristen lehenengoa; 2 ordu eta 30 minutuko denboran amaitu zuen XVI. Mugari Bira. Hala ere, parte hartzaile guztiek jaso zuten Ajangizko motxila bat oparitzat, eta horrez gain, jan-edana ere ez zen falta izan herrian: “Parrilla bat jarri genuen, eta saiheskiak, hirugiharra eta solomoa bezalakoak jateko aukera izan zuten parte hartzaileek zein bertaratutakoek, edariaz gain”.
XVI. Mugari Birako argazkiak.
Argazkilaria: Txebi Arriaga










































































