Zesta-puntaren "zubi lanean" dihardutenei omenaldia
Udal ordezkariek harrera egin diete munduko zesta-punta federazioetako kideei, Nazioen Ligaren testuinguruan.

Egin du euririk Remen eta Elozak osatutako bikoteak Jai Alain Munduko Txapelketa eskuratu zuenez geroztik. 1991n hartu zuen zesta-puntaren katedralak mundial hura, eta orain munduko puntistarik onenen habitat izateko prest dago berriro. Nazioen Liga txapelketa hartzen ari da Gernika-Lumo, hilaren 1ean hasita eta 6ra bitartean. Euskal Selekzioaren etxeko debut handia izateaz gain, nazioarteko selekzio boteretsuak (AEB, Filipinak, Mexiko, Espainia eta Frantzia) ere hartu ditu Nazioen Ligak, eta horien ordezkaritzak udalaren omenaldi berezia jaso du gaur [ekainak 2], udaletxean egin duten agerraldi ofizialean.
Aipatutako federazioen ordezkariak hartu ditu Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, baita Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubon eta Euskal Pilota Federazioko presidente Joxe Mari Mitxelena ere. Denek ala denek udalaren oroigarria jaso dute, omenaldi gisa: Picassoren Guernica eta Gernikako Arbolaren orbela zituen irudia. Gorroñok, zesta-puntari “bultzada” emango dion ekimenak daukan garrantzia azpimarratu gura izan du: “Zerbait izatekotan, zesta-punta aberastasunaren ikur da; txapelketa bertoko identitate, nortasun eta sustraiak bizirik dauden seinale da”. Alkateak, bestalde, agerraldira bertaratutako zesta-puntaren zenbait ikurrentzako berbak ere eduki ditu: “Jai Alai hainbat pilotari handiren hazitoki izan da, esate baterako, Gonzalo Beaskoetxea eta Ramon Arrienena”.
Mitxelenak arbolaren eta zesta-puntaren arteko lotura egin du: “Abestiak dioen legez, guk ere zesta-puntaren fruituak zabaltzen segituko dugu; bide horretan, federazioen eta erakundeen arteko zubi lana guztiz beharrezkoa da, eta oso eskertuta nago denek ala denek erakutsitako parte hartzeko prestutasunarekin eta borondatearekin”. Cazaubonek, duela 11 urte, nazioarteko federazioaren gidaritza hartu zuenean, jaso zuen gomendioa plazaratu du: harresiak apurtzen saiatzea. “Izan daitezke herri artekoak, kultura artekoak, baina zesta-puntaren indarrak horiek denak gainditzen saiatu behar du; Gernika-Lumo nazioarteko pilotaren erdigune bihurtzeak harresi asko botatzeko gai izan garela erakusten du”.















