50 urteurrena ospatzeko aldizkaria, erakusketa eta omenaldia
Gernikaldean odola ematen hasi zirenetik 50 urte bete direla gogoratzeko eta odola emateak duen garrantzia plazaratzeko aldizkaria ondu, erakusketa prestatu eta omenaldia egingo dute.

Gernikaldean odola ematen hasi zirenetik 50 urte bete direla gogoratzeko eta odola emateak duen garrantzia plazaratzeko zehaztutako hilabetea da ekaina. Guztira, mende erdian, 40.707 odol emate zenbatu dituzte Odolkideak elkarteko kideek Gernikaldean, ia 20.000 litro odol. Eta, hori, jende askoren ahalegina eta elkartasunaren ondorioa dela diote: tantaz tanta, urtez urte, banan-banan… “Odola ezin da fabrikatu, eman egin behar da. Ondorioz, urteurren hori ospatzeaz gain, odola ematearen garrantzia ere bultzatu gura dugu Gernikaldean”, esan du gaurko aurkezpenean Amagoia Lopez de Larruzea Odolkideak elkarteko kideak.
Hala, logo berrituagaz ari dira ekimenak zein hitzorduak zehazten Odolkideak. Urteurren logo berezia da, urteko karteleria guztian agertu dena eta agertuko dena: koloretsua, bizia, sinplea, baina esanguratsua. Eta, ikur horrekin ari dira ekainerako prestatu dituzten hiru ekimenak zabaltzen, bai kartelen bitartez, bai sare sozialetan.
Dagoeneko argitaratu dute 50 urte horien zertzeladak jasotzen dituen aldizkaria: 1.600 ale argitaratu dituzte eta maiatzaren azken egunetan bialdu dute odol emoileen etxeetara. 1.300 emoilek hartuko dute etxean; oraingo 800 odol emaileez gain, lehengo emoileek (400 inguruk) ere jaso dute, 50 urte horien parte zuzena ere badirelako.
Urte horietan guztietan gertatu diren edo egon diren joera eta aldaketa asko kontatu daitezke, eta arazoa zer kontatu erabakitzea izan da, aukeraketa zuzena egitea. Hala, denetarik lantzea erabaki dute, “ez gitxi, ez asko”. Baina, gerora begira dauden atalek garrantzia berezia hartu dutela diote, plasmari buruzko lanketak esaterako.
Hala ere, odol emaileek borondatez eta altruismoz egiten duten ekarpena azpimarratu gura izan dute aldizkarian, izan ere, horien ekarpenak dira bide hau egitea ahalbidetu dutenak. Hala, hasierako eragileekin eta gerokoekin abiatu dute aldizkaria. Ohorezko odol emoileen konpromisoagaz jarraitu dute, 75 edo 100 emotetik gora egin dituztenen berbak jasoz. Horietako asko izan ziren fabriketan odola ematen hasi zirenak, eta odola emateko aukera eskaini duten eta eskaintzen duten fabriken presentzia ere ageri da argitalpenean. Maier eta Losal dira gaur egun zerbitzu hori eskaintzen dutenak.
Gazteenak ere badira odol emaileak, eta horien jarraikortasuna bermatzearen garrantzia ere jaso dute, euren konpromisoa erakutsi duten gazteen berbak ageri baitira. Ikastetxeetan ere ari dira kontzientziak sortzen: Gernika BHIn, Mertzede Ikastetxean zein Barrutialde BHIn lanean ari dira, eta horren garrantzia ere “ezinbestekoa” dela esan dute.
Bestalde, adin piramide batean jaso dituzte odol taldeak, datuak zein azalpenak, eta odol emateak pertsonengan zein osasun sisteman izan dezakeen eragina ere ageri da. Izan ere, odol emateak gertueneko horien bizitzak salba ditzake, eta osasun sisteman ere eragin zuzena dauka, Miguel Angel Vesga Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendariak esan modura. Horrez gain, etorkizunerako erronka plasma dela adierazi du aldizkariko elkarrizketan, eta plasmaren garrantziari buruzko tarteak ere espazio nabarmendua hartzen du argitalpenean.
Eta, hitzez gain argazkiek ere asko adierazten dutela sinetsita, odol emoileei egindako omenaldietako argazki ederrak, zaharrak zein berriak, ikus daitezke.
Historia, erakusketan.
Argazkiek duten garrantzia horri jarraiki, dagoeneko ikusgai dago urteurrenaren harira Odolkideek prestatu duten erakusketa: ekainaren 20ra bitartean egongo da Elai Alai areto txikian. Artxiboa aztertu eta “esanguratsuena” hartu dutela dio Lopez de Larruzeak: kartelak, zaharrenetatik gaurkoenetara; omenaldien argazkiak; emoileen karnetak; bertoko emoileen argazkiak odola ematen daudela ateratakoak… “Erakusketa hau emaileen interes berezikoa izango dela uste dugu, baina publiko orokorrari ere dei egiten diogu erakusketa ikustera joateko”, esan dute. Izan ere, odol emateak Gernikaldean izan duen garapena ikus daiteke 25 paneletan banatutako argazki edo kartel horien bidez.
Gainera, hitzordu berezi bat ere zehaztu dute Odolkideek: ekainaren 13a. Bariku hori odol emailearen eguna izango da Gernikan, mundu mailako Odol emoilearen egunaren bezpera, hain zuzen. Hala, omenaldi bikoitza eskainiko dute: 20 edo 25 odol emate baino gehiago egin dituzten Gernikaldeko 88 emoile omenduko dituzte, baina baita 75 edo 100 emoile egindako beste 15 pertsona ere bai.
Odola emateak duen garrantziari presentzia hori emanda, jakinarazi dute ekainean, gainera, odola emateko aukera asko izango direla Gernika-Lumon: atzo, zapatuan, ekainaren 9an eta omenaldiko egunean ere bai, ekainaren 13ran. Hala, herritarrei autobusera bertaratzeko gonbidapena luzatu diete, “odola ezin delako fabrikatu, eman egin behar delako”.
Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak Odolkideak elkarteak urte luzez izandako konpromisoa eskertu du, eta odola eman dutenei ere euren ekarpena eskertu die, “odola ematea bizitzen jarraitzeko beharrezkoa duten horientzako oparirik onena” dela esanda. “Herriaren izenean, eskerrik asko emoileei zein Odolkideak taldekoei, eurek barik ez baitzen posible izango horrenbeste odol emate batzea Gernikan. Zuen lana horren ardatza da”, gehitu du.