Rozalen, Olaia Inziarte eta Gaizka Insunza igoko dira Haziberriko oholtzara
Goi mailako musika eskaintza, ingurunearekiko errespetua eta bertoko produktuekiko konpromisoa sustatzen duen jaialdia uztailaren 9an ospatuko da jaialdia Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean.

Bosgarrenez ospatuko dute Haziberri jaialdia Gernika-Lumon, eta jakinarazi dituzte protagonistak: Rozalen, Olaia Inziarte eta Gaizka Insunza. Uztailaren 9an igoko dira Gernika-Lumoko Eropako Herrien parkeko oholtzara, eta, beste urte batez, arratsalde eta iluntze magikoan biltzeko aukera izango dute herritarrek. Sarrerak gaur (maiatzak 30) jarriko dituzte eskuragarri, Haziberriren webgunean.
“Uste dugu kartel polita dela aurten aurkezten duguna. Oso pozik gaude bosgarren urte honetara ailegatu garelako, eta eskerrak eman gura ditugu hau posible egiten duten erakunde, elkarte, pertsona, norbanako zein musikariei”, adierazi du aurkezpenean Oier Plaza Haziberriko antolatzaileetako batek.
Aurten lehen aldiz hurbilduko da jaialdira Euskal Herritik kanpoko musikari bat, eta kartelburua izango da, gainera: Rozalen. Albaceteko Letur herriko kantautorea musikari erreferente bilakatu da, “bere musika konprometitu eta hunkigarriagaz”. Ibilbide oparoa daukan artista da, publikoaren txaloak eta kritikaren aitortza jaso dituena; izan ere, besteak beste, hiru Urrezko disko, hiru Platinozko disko, Goya sari bat, 2021eko Musika Garaikideetako Sari Nazionala, hiru Latin Grammy izendapen eta Gaztela-Mantxako Meritu Profesionalaren Plaka jaso ditu. “Parkeagaz bat egiten duen artista da Rozalen”, gehitu du Plazak.
Horrez gain, aktibista sozial “garrantzitsua” ere badela diote Haziberrikoek: “Sortzen duen musikaren bidez gutxiengoen eta baztertuta dauden komunitateen eskubideak defendatzen ditu. Azkenaldian euskarari ere keinu egin dio, aniztasunarekiko sentsibilitate argia erakutsiz”. Bere presentziak, ahotsak eta sentsibilitateak Gernikako Europako Herrien parkea “berezko magiaz” areagotuko duela uste dute.
Olaia Inziarte nafarra, berriz, euskal musikarien belaunaldi berriko ahots “indartsuenetariko” bat dela diote, eta bere proiektuak “freskotasunez eta nortasunez” beteko du oholtza, Plazaren berbetan. Ze, Zerrautsa bigarren diskoa argitaratuta, Inziarte etorkizun handiko bidea urratzen ari da. “Beste urteren baten ere ahalegindu gara bera jaialdian izaten, baina azkenean aurten etorriko da, bere bigarren diskoagaz. Belaunaldi gazteko euskal musikaria da, indartsua. Bere lehen diskoagaz entzuleak harritu zituen eta bigarrenak ere harrera oso ona izan du”, arrazoitu du Plazak. Bere estiloak pop-a, folk-a eta elektronika ukituak uztartu ditu, eta emozioz beteriko zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu, entzulearekin lotura berezia sortuz.
Insunza izango da bertoko ordezkaria, izan ere, Audience taldeko abeslari eta sortzaile modura ezagutu arren, gernika-lumotarra badabil bakarka ere bere sormen pertsonalari bidea ematen. Hala, Iaz izeneko bigarren lanagaz ailegatuko da uztaileko hitzordura. Jazz eta soul ukituak dituen diska da, euskarari keinu egiten diona. “Guretzat etxekoa den artista da, beti-betitik ezagutu izan duguna: musikaria, sortzailea, konpositorea. Bada apustu bat urtero-urtero bertoko artista edo musikariren bat izatea gure kartelean, eta aurten Gaizka etorriko da”, gehitu du Plazak.
Eta, artista, bizitzako altxorrez gogoratu da aurkezpenean: “Haziberri Gernikan dagoen altxor horietako bat da. Dagoeneko bosgarren urtea du, eta edizio honetan parte hartzeko gogo handiz nator”.
Bost urteko bidea.
2021eko uztailean ereindako haziaren landarea hazten ari da Europako Herrien Parkean. Haziberri jaialdia hobetzeko “gogotsu” egiten dute lan antolatzaileek, bertaratzen diren musikari eta musikazaleen esperientzia hobetu asmoz. “Orain arte jasotako erantzunak, parkea urtero-urtero betez, lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Izan ere, zerbait berezia sortzen ari garela sentitzen dugu, eta oraindik ask daukagu emateko”.
Hala, jasangarritasunaren bidetik jarraitzen dute lanean. Ingurumena zaintzen duen ekimena da Haziberri. Urtero legez, neurri txiki ezberdinak hartzen dituzte bide horretan pausoak emateko, eta horietako bat da 1.000 lagunentzako janari eskaintza antolatzea, bertako baserritarren produktuekin, Baserritik Gernikara elkartearen eskutik. Edarien arloan ere bertako ekoizleek hornitzen dutela jaialdia gogoratu du Garazi Llona antolatzaileak: “Erronka Garbia ziurtargiriarekin lan egiten dugu, azken finean jaialdia daukagun espazio naturalera moldatzen delako, eta ez alderantziz”.
Oinarrizko informazioa.
Egunean baliagarria izango den oinarrizko informazioa ere eman dute gaur. Hala, jaialdiko ateak 18:00etan zabalduko dituzte, eta Insunzak eskainiko du kontzertua atsedenguneko oholtzan. Gero, Inziartek eskainiko du zuzenekoa kontzertu guneko oholtzan, eta ostean, gaua egitearekin batera, Rozalen izango da protagonista.
Sarrerak 36 eurotan eskuratu daitezke, baina, aurten, sarreragaz batera, parkean bertan kokatzen den Euskal Herria Museoa urtea amaitu bitartean dohainik bisitatzeko aukera izango dute sarreragaz.