Ekainaren 13a, jaietan txosna jartzeko eskabidea egiteko epemuga
Mundakako Udalak plazaratu duenaren arabera, aurtengo San Pedro jaietan txosna jarri gura duten udalerriko kultur edota kirol elkarteek ekainaren 13ra arteko epea edukiko dute, jaietan txosna jartzeko eskaera egin dezaten. Era berean, udalak aditzera eman ditu jaietan txosna jartzeko interesa dutenek zenbait baldintza bete beharko dituztela, eta horiek zeintzuk diren ere argitu du.
Eskaera guztiak udalak baloratuko ditu, hainbat irizpide tarteko: “Herriko jaiei egindako ekarpena, proposatutako programen bideragarritasuna eta lortutako baliabideen erabilera soziala”. Txosnak ekainaren 25etik aurrera instalatu beharko dituztela azaldu dute, eta uztailaren 7rako kenduta egon beharko direla. Ekainaren 13ko epemuga orduko, nahitaezkoa izango da frankiziarik gabeko erantzukizun zibileko poliza bat aurkeztea, 500 euroko fidantza bategaz batera. Era berean, txosnek jaien egitarauaren barruko jardueretan lagundu beharko dute, balantza ekonomikoa nahiz jardueraren memoria aurkeztu beharko dituzte, eta edalontzi berrerabilgarriak baliatzeko konpromisoa hartu beharko dute, “jasangarritasunari zein ingurumenari lagunduz”.
Amaitzeko, informazio gehiago nahiko luketen herriko kultur taldeetako ordezkariei udal bulegoetara jotzeko deialdia luzatu diete. Eskabideak eurak ere, toki berberean aurkeztu beharko dituzte interesdunek, dagokion ordutegiaren barruan.