Segundo batzuek ez dute urte osoa iluntzen
Gernika Rugby Taldeak 32 eta 29 galdu du, Liceo Francesen kontra, Ohorezko B Mailaren Elite Multzoko play-offen finala. Azken segundoetan egin die ihes partiduak, baina taldetik argitu dute emaitzak denboraldian lortutako dena "ez duela iluntzen".

2024/2025 denboraldiaren hasieran, nekez imajina zezaketen basurdeek hain urrun iritsiko zirenik. Lantalde eta ilusio berrituekin, maila erakutsi du Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailan, hasieratik amaierara onenen pare agertuz. Liga erregularrean ez ezik, Elite Multzora sailkapena lortu dute. Horixe zen urteko jomuga handia. Elite Multzo horren play-offak jokatzen aritu dira, eta azken partidura, final handira, arte iritsi dira. Atzo [maiatzak 25] jokatu zuten, Madrilgo Ramon Urtubi estadioan, Liceo Francesen kontra. Galtzeko ezer eta irabazteko asko duenaren ekinez zelairatu zen Gernika RT, baina markagailuak azkenean madrildarren alde egin zuen, azken hasperenean gailenduta: 32 eta 29.
Zerbait izan baldin bazen, lehia “gogorra” izan zen finala. Gernika-lumotarrek, Madrileraino mugitutako jarraitzaileen berotasuna lagun, 0 eta 3 aurrea hartu zuten; atoan iritsi zen etxekoen erantzuna, hiruna berdinduz. Lehen txanpa hartan, talde bien urduritasunak zenbait akats egitera eta aukera batzuk galtzera eroan zituen. Lehen zati hartan iritsi zen, gainera, ezbeharra: Gernika RTren jokalari Matias Andres Gaggiamok, kolpe handia hartu zuen, zelaitik aterarazi zuena. Basurdeen ekuazioko funtsezko piezetako bat jokoz kanpo, Liceo Francesek entsegu bi egin zituen hamar minutuko tartean. Partiduaren dinamika aldatu egin zen, eta gernika-lumotarrak aurkako 22 eta 8koagaz joan ziren aldageletara.
Atsedenaldiaren ostean, beste hainbeste egin zuten madrildarrek. Beste entsegu bat patrikaratu zuten, 27 eta 8koa lortuz. Orduantxe hasi zen iraultza. “Ustekabeko” entsegu bat lortu ostean, basurdeak urratsez urrats joan ziren, pazientziaz eta seguru jokatuz. Emaitzak jokoaren eskutik etorri ziren. Txirrinak jotzeko hiru minuturen faltan, 27 eta 29 markagailuari buelta eman zioten. Partidua eskutan eta aldeko alboko sake bategaz, azken segundoetan baloiaren jabetza bermatu besterik ez zuten egin behar; baina madrildarrek sake hura irabazi zuten. Hemeretzi faseko jokaldi ikusgarria egiteko gai izan zen Liceo Frances, eta zelaiaren ertz batetik azken entsegua lortu zuten. Basurdeek, beren aldetik, ez zuten 32 eta 29koari buelta emateko astirik.
” Ez dago ezertaz damutzeko motiborik. Azken partidua galdu izanak ez du egindako denboraldi itzela iluntzen”.
Finala galduta ere, taldeari “ezer gehiago” ezin eska dakiokeela azpimarratu dute Gernika RTren lantaldetik: “Finalaurrekoetara heltzea jadanik gauza handia zen guretzat, betiere urteko helburua Elite Multzora sailkatzea zela aintzat hartuta. Partiduz partidu, edonori aurre egiteko moduko taldea garela frogatu dugu, eta finalak azken unean ihes egin digu. Beraz, ez dago ezertaz damutzeko motiborik. Azken partidua galdu izanak ez du egindako denboraldi itzela iluntzen”.
Taldeak aurtengo denboraldian “benetan dakien legez” jokatu duela nabarmendu dute, baina hortik haragokoak ere argitu gura izan dituzte: “Azken urteetan apur bat higatua zegoen konexioa berreskuratu dugu jarraitzaileekin; zaleak eta taldekideak guztiz batuta daude, familia handia gara”. Ohorezko A Mailarako koska igoera handiena Liceo Francesek lortu du 18 urteren ondoren. Baina basurdeek Elite Multzoan jokatuko dute hurrengo denboraldian: “Hori izango beharko litzateke taldearen habitat naturala; multzo horretako goiko postuengatik borrokatu dezakegu”.
“Aurtengo egiturak ondo funtzionatu du, lantalde ederra sortu dugu, eta horri eutsi nahi diogu”
Egiturari eutsi nahian.
Jokalariek atseden hartu behar dute orain; ez, ordea, talde teknikoak. Izan ere, jadanik hasi dute hurrengo denboraldirako lantaldea osatzeko prozesua. Izenik aurreratu ezin daitekeen arren, “aurtengo egiturari eustea” da helburua: “Argi dago zenbait jokalari, urtero legez, joan eta etorri egingo direla, baina aurtengo egiturak ondo funtzionatu du, lantalde ederra sortu dugu, eta horri eutsi nahi diogu; orain arte bezala, etxeko jokalarien plaza izaten jarraitzea ere garrantzitsua da”.
Hain zuzen, etorkizuneko harrobiari tokia egingo die klubak domekan [ekainak 1], Urbietan egingo dute II. Rugby Txiki Egunean. Gaztetxoenei zuzendutako egitaraua prestatu dute: “Errugbiaz gozatzea, kirola bertatik bertara ezagutzea eta, nahiko balukete, klubean izena ematea” dira jomugak, eta horretarako egun osoko egitarauaz disfrutatzeko aukera egongo da. Lagunarteko errugbi partiduez gain, Xaiborren emanaldia, zozketak, bigarren eskuko denda, paella janaldia edota hirugarren denbora egongo dira.