Herrigintzatik memoria liburu batean gordez
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak izen bereko liburua argitaratu du hiru hizkuntzatan, eta bertan jaso dute orain arte egindako ibilbidearen lagin bat, baita memoriari eta memoriagintzari buruzko euren ikuspuntu eta begirada ere. Auzolanean egindako lana da.

Munduari erreparatzeko modu asko daude, eta begirada horietako bat da Gernika Batzordeak aukeztu duen liburua: Gernika Memoriaren Lekuko. Egia, aitortza, justizia, elkartasuna eta askatasunerako sugarra oinarri hartuta, eta sinistuta nondik gatozen ezagutzea «ezinbestekoa» dela, gaurko errealitatea interpelatu eta biharkoa eraikitzeko, auzolanean eraikitako, autoekoitzitako eta autofinantzatutako lan kolektibo handiaren ondorio da liburua.
Urte luzeko lanaren ostean eta lan tresna izateko bokazioagaz jaio da Gernika eta bere memoria plazaratzeko argitalpena, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez idatzita. Gernika-Lumo memoriaren leku eta lekuko dela-eta, iraganera zein azken urte hauetara begiratzen du lanak; izan ere, testuliburuaren sarreran jaso duten moduan, Herbert Rutledge Southworth, Jean Chatelut eta Gernika Batzordeko kideen arteko topaketen historia eta oroimena gordetzen ditu, eta, aldi berean, Gernikako Memoria Historikoa Euskal Herriaren ikur gisa eraikitzean sortutako elkartasunak eragindako topaketa horien ondorio ere badira testuak.
«Gernikaren eta bere memoriaren garapenean egindako lana transmititzea du helburu lanak»
Zehatz esateko, liburua aurten argitaratu bada ere, 2019an jaiotako ideiaren ondorio da, baina askoz lehenago sortutako harreman baten ondorio ere bada. Izan ere, Southworthek Gernikako bonbardaketa ikertu eta egia zabaldu zuen nazioartean, eta bonbardaketaren 40. urteurrenean ere bertan egon zen, memoria behar den moduan lantzeko beharra transmitituz. Hala, Southworth eta Gernika Batzordekoen artean ere bazegoen «gertuko harremana», 40. urteurren horretan eraikitzen hasi zirena. Bera Saint-Bernoît-du-Saulten bizi zen, eta lagun zuen herriko alkate zen Chatelut.
Hala, ikerlaria hil zenean, Gernika Batzordekoek egia zabaltzen egindako lana eta egiazkotasuna kanpora ateratzeko egindako beharra eskertu gura izan zioten Southworthi, eta Chatelurekin jarri ziren harremanetan. «Kontaktuan jarri ginen Chatelurekin, Southworth hil eta hurrengo egunean. Alkateak gure lana ezagutzen zuen, Southworthek askotan hitz egin ziolako Gernika Batzordeaz zein Gernikaz. Eta gure lagun ez ezik, konplize bihurtu zen, antifaxista ere bazelako», azaldu du Josu Barandika Gernika Batzordeko kideak.
Hain zuzen ere, Saint-Bernoît-du-Saulteko alkate izandako Chatelutek egin zion Gernika Batzordeaz eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformaz idazki bat egiteko proposamena Barandikari, bere liburuan horri buruz ere idatzi nahi zuela adierazita. «Lan bat kaleratzeko zorian zegoen, eta Josuren bitartez eskatu zigun Gernika Batzordearen zein Gernika Memoriaren Lekukori buruzko zereginen eta helburuen idatzi bat egiteko. Eta denon artean, bakoitzaren ikuspegiak jasoz hasi ginen lantzen, Josuk lana biribiltzeko. Eta, hori berari bidaltzeko asmotan egon ginen arren, bitarte horretan hil zen Chatelut, gaixorik zegoelako», gogoratu du Jon Argintxonak. Ostean, bere aitaren lanaren jarraitzaile zen Chateluten alabagaz harremanetan jarraitu zuten batzordekoek, «modu oso naturalean eta gertukoan».
Txinparta
Ondorioz, proposamen edo eskaera hori izan zen gaur egun liburua den horren hasierako txinparta. «Lehenagotik zegoen asmo bati forma eman zion eskaera izan zen, leiho bat zabaldu zuena. Horrelako txinpartek sortzen dute bultzada, eta guk geneukan asmo horri bidea eman zion», azaldu du Ibon Meñika batzordeko beste kideetako batek.
Hori bai, Chateluren eskariak bi alde zituen: batetik, borrokaren onarpena, egokitasuna eta izaera ona azaltzea; eta, bestetik, Gernika Batzordearen zein plataformaren esperientzia praktikoa jasotzea. Lana egiten ari zirela, baina, ikusi zuten aukera zutela plataformaren eta aurretik Gernika Batzordearen lanaren zergatia azaltzeko eta hori liburu batean jasotzeko. Hori bai, gertuko perspektiba batetik egin gura zuten hori, memoriagintza horren zergatiak azalduz eta horri buruzko xehetasunak emanez: «Memoriaren memoriari buruz ere berba egiten du, ze kontatzen du zeregin horretan ze lan, ze ardura, ze harreman… sortu ziren. Josuk eman dion giza ikuspegia, hurbiltasuna, azpimarratzekoa da».
Eta, Chateluren eskaerari erantzunez, ahalegindu ziren egindakoak aipatzen, baina, hainbeste gauza esan barik geratu direla onartu dute: «Lan honek ez du egindako guztia jasotzen, hori kontatu ere egin behar delako, transmititu behar da, beste formula batzuk erabilita». Lanketa baten icebergaren punturik gorenak ageri dira bertan, baina itsaso azpian ezkutatutako lan asko ere badago punta horien atzean.
Hala, 2019ko idazki bat sortzeko proposamenetik liburu bat jaio zen, lanak bestelako gorputz eta dimentsio bat hartuz. Memoriagintza zer den eta zer izan den azaltzeko ere baliatu dute lana. «Abiapuntu horrez gain, bageneukan beste motibazio bat: Gernikaren eta bere memoriaren garapenean egindako borrokaren zati handi bat transmititzearena. Erabaki genuen batzordearen memoria eraikitzea, eta horren bitartez batzordeak egindako borrokaren lagin bat aurkeztea», argudiatu du Meñikak.
Sustrai horri heldu eta bertoko ikuspegitik, bertoko memoriagintzatik, herrigintzatik kontatu gura dituzte gauzak, norbaitek kontatu egin behar dituelako, eta Gernika Batzordea badelako horretarako agente legitimo bat: «Zergatik? Inor baino arinago hasi zelako lanean, testuinguru gogor batean eta bere ibilbidea gaur arte ailegatzen delako». Transmisio lan hori beti egin dute, baina, Palestinaren kausa dela eta, diote «geroz eta jende gehiago» datorrela Gernikara, herriaren eta bere memoriaren ingurura hurbilpen bat jasotzera. «Eta guk sarri egiten ditugu hurbilpenak eta kontatzen dugu turismo bulego ondoan dagoen Dulcie Septemberren ikur hori zergatik dagoen hor. Hala ere, liburuak ez dio guztiari erantzuten, Dulcieri buruz esaldi bat dagoelako, esaterako. Sintesi bat egin dugu, hizkuntza desberdinetan, komunikatzeko bide berri legez», esan du Meñikak. Hala, digitalizatuta ere badago liburua plataformaren webgunean.
Memoria bizirik
Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek memoria «bizirik» dagoen zerbait modura ulertzen dute. «Baina, horrek, ñabardura pilo bat ditu, momentuan partekatu daitezkeenak, baina hurrengo sengundoan galtzen direnak. Horregatik gu ez gara inoiz geratzen, iraunkorki ulertzen baitugu memoria. Ze, bihar zein gaur memoria egiten jarraitzeko beharra dago».
Eta memoria eta historia banatu dituzte. «Historia gizarte zientzia bat da, eta badago historia kritikoa edota menpekotasunezko historia ofiziala. Eta, historia ofizialaren eta historia kritikoaren arteko tentsioa politikaren borroka zelaia da. Beti izan da horrela. Eta, jarraitzen du izaten. Eta, memoriagintzarekin berdina gertatzen da. Ze memoria da gizarte batek bere izaera eta nortasuna azaltzeko daukan modua. Eta badaude memoria leku ofizialak —Erorien Harana izan daitekeen modura Espainia frankistaren memoria leku bat—, gure inguruan daudenak eta gizartearen nortasuna modu hutsal batean eraikitzen dutenak, balioak militarrak, inperialistak… zabalduz. Bestalde badago beste memoria bat, memoria politikoa dena», argudiatu du Argintxonak.
«Gizarte hobe bat»
Memoria politiko horrek beste balio batzuk ezarri nahi dituela diote, «gizarte hobe bat» oinarri hartuta eta horren alde borrokatzen duena. «Eta hori giltzarri bat da. Horretan jardutea da memoria progresista eraikitzea; alegia, iraganari begira, orainari begira, baina etorkizunera begira ere lan egitea». Eta behar horretan, beste Gernika batzuen borrokan ere jarri dute arreta batzordekoek: «Beste Gernika batzuen borroka hori jatorritik datorkigun helburua da. Eta horri buruzko momentu berezi batzuk ageri dira liburuan, batzuk oihartzun handiagokoak, beste batzuk horrenbestekoa izan ez zutenak».
Hala, Josu Barandikak gehitu du memoriarena ez dela bakarrik gogoratzea, idaztea, kontatzea, herriaren balioak herriaren memorian txertatzea ere badela esanez: «Herriak egiten dituen gauzak ere memoria dira. Eta lubakiak jarri beharrean, talde-lanean ere memoria egin daitekeela erakutsi dugu. Hori izan da lan honetan garrantzitsuena: erakustea gai garela lubaki barik eta denon artean zerbait lortzeko».
«Erakutsi dugu gai garela lubaki barik eta denon artean memoria egiteko eta zerbait lortzeko»
Ondorioz, liburua herrigintza lan bat ere izan dela onartu du Sabin Ibazetak: «Gakoak diren berbak ageri dira: faxismoa, inperialismoa, askatasuna, duintasuna, konpromisoaren beharra… Eta hau, azken finean, konpromiso baten ondorioa da, faxismoaren aurkako konpromisoarena. Faxismoaren aurkako arma bat bihurtu dugu liburuxka».
Egindako lana oinarri, orain, herritar gazteengana ere hurbildu gura dute, eurek ere memoria lantzeko testigantza har dezaten. «Momentu batzuetan, Gernika Batzordean, eta jendea nagusitzen joan dela ikusita, ez nuen belaunaldi errelebo bat argi ikusten, baina sinergia horiei jarraituz, Gernika Memoriaren Lekuko plataforma sortu zen. Eta hori izan da guretzat salbazioa. Eta orain, liburuak kalean bizia hartzea nahi dugu, eta baita belaunaldi batzuk memoriagintza horretara gerturatzea ere», aditzera eman du Ibazetak.
Memoriagintzaren beharra
Ze, memoria lantzen jarraitzeko «beharrizana» dago, betekizuna da: «Memoriagintza euskaldunok egiten ez badugu, beste batzuek egingo dute. Eta beteko dituzte gure iruditegi kolektiboaren irudiak eta intepretazioak, arrotzak izan daitezkeen beste irudi eta interpretazio batzuekin». Hala, Gernikatik, memoriaren begirada propioa ez egitea ez dela aukera diote, herria badelako gauza askoren zubi, lotura, lokarri: «Gure begiradatik argi eta garbi diogu Gernika egon behar dela lotuta elkartasunera, justiziara, askatasunera, borroka ezberdinen bidaide izatera… Hala, zentzu guztia dauka Palestina, Kurdistan, Sahara edo borroka sozial batek izan dezakeen papera feminismotik eta antifaxismotik lantzea Gernikatik».
Munduari erreparatzeko duten herri begirada jaso dute, beraz, liburuan, «inoz ez bezalako erreakzio eta konpromiso garaia» dela uste dutelako. Eta, hori, Gernikaren eta bere memoriaren garapenean egon den borrokaren zati bat transmititzeko helburuz egin dute batzordekoek, dibulgaziorako tresna bat eraikiz: «Gernika kontzeptutik hitz egiteak ez du esan nahi Gernikako bonbardaketaz bakarrik berba egitea, esan nahi du Euskal Herriko errealitate baten berri ematea. Ez du esan nahi Gernikak bakarrik daukala Palestinarekiko sentsibilitatea, baizik eta herri batek daukala beste herri batetiko samurtasuna. Eta hori elikatzea ezinbestekoa da, nahiz eta elikatze horrek mila eta bat forma edota begirada izan ditzakeen. Guk, gutxienez, erabilgarriak diren tresnak jarriko ditugu euren zerbitzura. Konexio horiek sortzea garrantzitsua da, eta memoria bizia mantentzeko beharrezkoak izango ditugu ondorengoak»