Entzute prozesuaren barruan, 250 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte dagoeneko
Datozen asteetan kontraste-espazioetan aztertuko dituzte orain arte jasotako narratibak. Eskualdean egiten ari den entzute-prozesuaren alderdi teknikoak eta metodologikoak aurkeztu dituzte Agirre Lehendakaria Centerreko kideek gaur; prozesuaren ikuspegi kualitatiboa, egitura, erabilitako tresnak eta aurreikusitako hurrengo pausoak azaldu dituzte.
Busturialdea-Urdaibaiko entzute prozesua egingo zutela otsailean iragarri zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horren ardura daukan Agirre Lehendakaria Centerreko ordezkariek prozesuan erabiltzen ari diren metodologiari buruzko azalpenak eman dituzte gaur [maiatzak 23], Gernikako Elkartegian. Orain arte egindako lanketa eta aurrera begirako pausoak ere aurkeztu dituzte, baita gaurtik euren webgunean ikusgai dagoen tresna digitala ere. Horretan kontsultatu daitezke momentuz egindako elkarrizketen artean, “150 adibide”.
Edukian ez dute sakondu, horren azterketa geroago egingo dutelako, eta euren asmoa da uztailean lehenengo txostena aurkeztea, eta abenduan edo urtarrilean beste bat. Gaur gaurkoz, 250 narratiba baino gehiago bildu dituzte, eta Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak esan duenez, abuztuaren amaierarako 500 izatea espero dute: “600 bat pertsona dauzkagu identifikatuta, eta urte amaierarako 1.000 bat narratiba edukitzea aurreikusi dugu. Otsailean entzuteko prozesua kudeatzeko eta horretarako erabiltzen ari garen tresna aurkezteko konpromisoa hartu genuen, eta gaur metodologia aurkeztu eta prozesuaren egoeraren berri eman nahi dugu. Sakoneko analisia ez dugu hasi; uztailean aurkeztuko dugu lehendabiziko txostena”.
Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzea, eskualdeko trantsizio sozioekologikoa, eskualderako turismo eredua eta etxebizitza eta garraioagaz lotuta dauden arazoak izan dira orain arteko elkarrizketetan “gehien errepikatu” diren gaiak. “Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzearen eztabaidaren testuinguruan ari gara entzute prozesua egiten, baina galderetan ez dugu zuzenean horri buruzko iritzia galdetzen. Batzuek proiektu horri buruz hitz egiten dute bakarrik, eta beste batzuk eskualdeko erronkei buruz, eta Guggenheim ez dute aipatzen, eta badaude denari buruz hitz egiten duten herritarrak ere. Aniztasun piloa dagoela ikusten da, eta narratiba ia denetan dago Guggenheimi buruzko eztabaida. Batzuk proiektuaren erabat kontra daude, eta beste batzuk alde, eta zalantzak dituzten iritzi asko jaso ditugu; horiek informazio falta aipatu digute. Bestalde, euren iritziak ez duela inporta iruditzen zaie batzuei. Era berean, eskualdearen garapenenerako proiektu estrategikoak, eskualdean lana sortzea eta etxebizitza eta garraioaren arazoak ere ageri dira”, azaldu du erakundearen zuzendariak.
Itziar Morenoren hitzetan, ez da galdeketa itxia eta galderak modu irekian planteatzen dituzte, hau da, ez zaie zuzenean gai bati buruz galdetzen: “Eskualdean gertatzen ari denari buruz ze iritzi daukaten galdetzen hasten ditugu elkarrizketak, eta, jarraian, egoera honen alde positiboak, aukerak, eta negatiboak, erronkak, zeintzuk diren galdetzen diegu, baita nori egiten dion mesede eta kalte ere. Tresna digitalera igotzen ari gara elkarrizketak, modu anonimoan”. Prozesuak “aurrera egin ahala”, plataformak eskaintzen dituen hiru hizkuntzetara (euskara, gaztelera eta ingelera) itzuliko dituzte.

Agirre Lehendakaria Centerreko Julen Larrañaga, Itziar Moreno eta Gorka Espiau, gaurko agerraldian.
Azterketa. Julen Larrañagak azaldu duenez, jasotako narratibak kontraste-espazioetan aztertuko dituzte: “Tresna digitalak aukera ematen die gai horiei heltzeko zein ekimen garatzen ari diren eta pertzepzio horiei erantzuten ari diren edo ez ikusteko, alegia, profil horiek esaten dutena eta eskualdean gertatzen ari denaren arteko gurutzaketa egiteko. Narratibak kontraste-espazioetan aztertuko dira, ahotsik prozesutik kanpo geratu ez dela eta sareek edukia baldintzatu ez dutela bermatzeko”. Saio horiek datozen asteetan egingo dituzte, saioko hamar-hamabost pertsonako taldeetan, eta “urtean zehar mantenduko” dituzte. Espiaurrek adierazi du eurek parte hartzaile batzuk identifikatuko dituztela, baina jendeak parte hartzeko aukera edukiko duela: “Ez dira herritarren foroak; hau da, ez dira eztabaida zabalak egiteko foroak, analisiak kontrastatzeko espazioak dira, metodologia propioarekin”.
Hain zuzen ere, espazio horietara gonbidatuko dituzte dagoeneko iritzia eman duten pertsonak zein eman ez dutenak, eskualdeko eragile “giltzarriak” eta instituzioetako ordezkariak. Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak esan du kontraste-espazioak eskualdeko hogei udalerrietan egin nahi lituzketela, baina, momentuz bost bat egitea aurreikusi dutela: “Uztailaren amaiera bitartean, bost bat saio antolatzea da asmoa, eta uda pasatuta horiekin jarraitzea. Herri txikiko saioekin hasiko gara. Gernikako eta Bermeoko aldean, narratiba desberdinak identifikatu ditugu, beharrizan desberdinak dituzte. Ez dakigu udalerri guztietara ailegatuko garen edo ez, baina asmoa da zabaltzea”.
Espiauk gogoratu du entzuteko prozesu horren helburua dela eskualdearen esperientziak, errelatoak eta pertzepzioak “sakonki ulertzea”, ikuspegi kualitatibo eta etnografikoa erabiliz. “Eskualdea eraldatzeko ekimenen mapaketagaz” hasi zuten lanketa, eta horri esker, entzun beharreko “funtsezko eragileak” identifikatu dituzte. Eskualdeko alkateak, eragileak eta norbanakoak elkarrizketatu dituzte; narratiba gehienak erdi egiturazko elkarrizketen bidez jaso dituzte,” galdera irekiak” eginez, eta horiek grabatu, transkribatu eta anonimizatu dituzte: “Hurbilketa kualitatiboa da. Pertsonak elur-bola bidezko laginketaren bidez identifikatu ditugu. Ikerketa kualitatiboko teknikarik ezagunenetakoa da. Parte hartu duten pertsonek beste eragile edota norbanako batzuk proposatu dituzte, eta Internet bidez, euren kabuz izena eman duten asko ere badaude. Metodologia honi esker, sare formaletik kanpo dauden pertsonen ahotsetara iritsi gaitezke, askotan identifikatzen zailak izaten direnetara. Horiek prozesua aberasten dute. Askotariko profilak ditugu, eta narratiba anitzak jasotzen ari gara, baina, esaterako, gazteen eta pertsona migratuen narratibak lortu nahi ditugu”.
Prozesu kualitatiboa denez, gehiengoaren zein gutxiengoaren pertzepzioei buruzko ondoriorik ezin dela atera azpimarratu du Espiauk: “Alkateak aukeratu genituen, eskualdean aniztasun nahikoa dagoelako, EAJko, EH Bilduko eta talde independienteetako alkateak daude, eta uste dugu lurraldearen ezagutza daukatela; gutxieneko pluraltasuna badago. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak egindako deialditik ere asko etorri dira. Jende askok izena eman du Internet bidez. Parte hartze hori asko eskertzen dugu. Baina ikusten ari gara lehendabiziko olatu hori pasatu dela, ñabardura gehiago ikusten ari gara. Diskurtso desberdinak bilatzen ari gara, ahalik eta patroi gehien lortzeko asmoz. Ez denez prozesu kuantitatiboa, eta oraindik ez denez lagin adierazgarria, ezin ditugu pertzepzio nagusiak nahiz gutxienekoak ondorioztatu. Halaber, kontuan hartu behar da lehenengo narratibak gehien arduratuta daudenengandik jasotzen direla horrelako prozesuetan. Oso garrantzitsua da hasierako profilak egia absolutu bezala ez interpretatzea; abiapuntua dira, eta lagina zabaltzen eta dibertsifikatzen doan den heinean, aldatzen joango da”. Morenok zehaztu bezala, pertsona edo talde batek zerbait ulertzeko edo sentitzeko duten modua islatzen du profil batek, eta pertsona askok antzeko pertzepzioak partekatzen dituztenean, patroiak sortzen dira, eta eredu horiek komunitate batek nola pentsatzen duen ulertzen laguntzen dute. “Zazpi patroirekin hasi gara. Normalean, horrelako prozesuetan, hasieran patroi asko sortzen dira, eta gero, fusionatzen joaten dira, eta prozesuaren amaieran iritzi nagusiak zeintzuk diren argiago ikusten da. Garapen hori kontraste-taldeen bidez sortuko dugu. Dauzkagun patroiak identifikatzen dituzten galdetuko diegu, ez ados dauden edo ez, baizik eta existitzen direla uste duten edo ez”, azaldu du Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak.
Eskualdetik kanpo. Gaur azaldu dutenaren arabera, jasotako ekarpenen % 90 eskualdeko herritarrena izango da, eta gainontzeko % 10 lortzeko ( 100 narratiba inguru) kanpora joko dute; beste eremu batzuetako iritziekin kontrastatuko dute hemen jasotakoa. Turismo ereduagatik edota garapen sozioekonomikoagaz lotutako beharrizanengatik “antzeko eztabaidak” dauzkaten eremuetara joko dute: “Batzuk biosfera erreserba direlako ere aukeratu ditugu”. Bakion eta Enkarterrietan narratibak jasotzen ari dira, eta Bilboko zenbait auzotan ere jasoko dituzte: “Erkidegoko beste zona batzuetan eta Nafarroan ere jasotzen ari gara. Talde txikiagoak dira, baina konparaketak egiteko asko interesatzen zaizkigu”.
Horrelako prozesuak mantendu egin behar direla gehitu du Espiauk, eboluzioa ikustea interesgarria delako: “Denboran mantendu behar dira. Momentu honetan pertsepzio jakin batzuk egon daitezke, baina, gero, prozesuan aldaketak egongo dira. Adibidez, Guggenheim Museoak orain dela gutxi argitaratu du proiektua. Guretzat garrantzitsua da jakitea informazio hori eduki baino lehen zelakoak ziren pertzepzioak eta informazio hori edukita, pertzepzioak aldatu diren edo ez”.
Nazioarteko proiektuetan parte hartzen dute Agirre Lehendakaria Centerreko kideek, eta diotenez, Euskal Herrian entzute prozesu hau aitzindaria da, eta nazioartean horrelako prozesu luze eta sakonak ez dira ohikoak: “Proiektu estrategiko gehienek kale egiten dute dinamika sozial eta kulturalekin deskonektaturik daudelako. Beraz, eztabaida da horrelako proiektu estrategikoak edota garapenerako zein trantsizioarko proiektuak zelan diseinatu daitezkeen era parte hartzaile batean, non erakunde desberdinen arteko lankidetza dagoen, baina, baita ere, arlo pribatuaren, erakunde sozialen eta biztanleriaren pertzepzioak jasotzen diren. Hori da Agirre Centerren lana eta helburua, horretan sakontzea. Eztabaida eta egoera konplikatua da, baina, aldi berean, guretzat aukera da, horretaz ikasteko aukera da”.