Herriko berba eta produktuen 31. azoka
31. Arrain Azoka tokiko produktuen zein euskararen erakusleiho bihurtuko da gaurtik domekara bitartean. Lameran kokatutako hamazortzi postuek ordutegi jarraitua izango dute, eta denetariko produktuak erosteko aukera eskainiko dute. Hegaluze Saria ere banatuko dute gaurkoan: itsasoarekin lotutako emakumeentzat izango da.

Amue, karnada freskue, lebatza, abuse…. Zalantzarik barik itsasoagaz lotutako herria da Bermeo. Kostaldeko kulturak, lanbideak, euskarak eta euskalkiak denak modu berezian barnebiltzen ditu: itsasoa, arrantzaleak, sareginak, baporeak… Itsasoko euskarak eta esaera bereziek ere lekukotasun eta pisu berezia dute bertan, eta horiek praktikan jartzeko aukera eta tokiko produktuak dastatzeko zita da gaurtik (maiatzak 16) domekara (maiatzak 18) bitartean herriak hartuko duen 31. Arrain Azokak eskainiko duena.
Itsasoko berba eta esaera horiek leku berezia dute aurtengo azokan, eta horiez empapateko deia egin dute, azokak Euskaraldiagaz bat egiten duela aprobetxatuta. Kordela, ur txikitako arrastrerue, trentin bakue, usin bako lorie, kalai malai... asko dira bermeotarren berbak, eta itsasoak ekarritako horiek enbarkatzeko eta kontserbatzeko deia egin dute.
Beraz, aurtengoan, itsasoagaz lotutako tradizioa, kultura eta zaporeak izango dira Bermeoko Arrain Azokaren osagai nagusiak. Beraz, zer saldu eta zer erosi egongo da aukeran, izan ere, Arrain Azoka da udalerriko produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleihorik onena, tokiko ekonomiaren aldeko apustua. 18 erakustoki izango ditu, enpresa zein erakundeek euren produktuak eskaintzeko eta bisitariek horiek dastatu eta erosteko, eta ordutegi jarraituan gozatu ahalko da produktuez: gaur eta bihar 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta domekan, ordea, 11:00etatik 15:00etara.
Arrain Azokak Euskaraldiagaz bat egiteaz gain, beste bi egun seinalaturekin ere bat egingo du asteburuan: bihar da LGTBIQ+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta etzi Itsas Sektoreko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Gainera, aurtengo Hegaluze Saria itsasoarekin lotutako emakumeentzako izango da.
Hain zuzen ere, sektorearen hainbat arlotan emakumeek izan duten eta gaur egun duten funtsezko ekarpena ikusarazteko eta balioan jartzeko helburua du aurtengo sariak. Emakume horien ordezkaritza bat igoko da oholtza gainera, gaurkoan. “Arrantzarekin lotutako lanbide tradizionalak garatu dituztenetatik hasi eta gaur egun berrikuntza, ikerketa edo kostaldearen kuadeaketa gidatzen dituztenetara arteko emakume guztiei aitortza egin gura diegu”, azaldu zuen Nadia Nemeh alkateak aurkezpen ekitaldian, eta hala egingo dute. Ondorioz, saregile trebeen eskuetarik hasita, ozeanoen sekretuak ikertzen dituztenetara artekoen lana sarituko dute, izan ere, iotsas kulturaren zaintzaile diren emakume guztiak direla “isilpeko olatu baten” parte uste dute: ausartak eta erabakigarriak. “Emakume horiek gure komunitateen eta itsasoaren arteko harremana zaindu eta eraldatu duten kate isil eta beharrezko baten parte dira”.
Milaka bisitari Bermeora gerturatzen dituen azokak herriko izaerari eta historiari egiten dio gorazarre, eta urteekin erreferente bihurtu da. Urdinez jantziko du herria aurtengoan ere, eta, horregatik, alkatearen berbetan, “itsasoari lotutako ondarea eta ekonomia zaintzeko eta ezagutzera emateko erronkari lotuta” dator aurten ere, “jasangarritasuna, elkartasuna eta identitatea kontutan hartuta”.
43 ekintza.
Azokaz gain, denetara 43 ekintza ere egingo dituzte, batzuk klasikoak eta beste batzuk berriak. Hala, aurton, Pintxo Lehiaketa lagunartekoa zein profesionalen artekoa izango da, eta gaur erabakiko da zein den pintxorik gozoena. Profesionaletan, hiru tabernaren artean egongo da lehia, Kafe Antzokiaren, Toki Alairen eta Beti Ondoren artean, eta, lagunartekoan, bi lagun talde ariko dira.
Horrez gain, bihar, orain arteko ohiko habanerak euskal kanta herrikoiek ordezkatuko dituzte, Josepa Kale Kalekoen eskutik. Kantuei mugimendua jartzeaz Ross Dantza Eskolakoak arduratuko dira.
Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) ere bere lekua izango du, dastaketa tailer desberdinekin. Hain zuzen ere, ume zein helduentzat prestatutako tailerrak egongo dira, eta horien helburua izango da tunidoen arteko ezberdintasunak ezagutzea. Esaterako, Tuna-Txef tailer gastronomikoan atun espezieei buruz ikasiko dute txikiek modu praktiko zein dibertigarrian, eta bi plater prestatuko dituzte tunido mota desberdinekin, atunaren mundua eta arrantza jasangarriari buruzko bitxikeriak ikasten dituzten bitartean. Parte hartu gura dutenek aurretiaz tiketa eskuratu beharko dute Turismo Bulegoan; umeek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta nagusiek 10.
Umeentzako eskaintza berezia ere prestatu da, esaterako Galerna belaontziak itsas irteerak egingo ditu, eta Izan Arrantzale tailerra eskainiko dute Kofradia Itxas-Etxearen eskutik.
Urteroko ekintza klasikoak ere egongo dira: Hegaluze eta Taho itsasontzien irteerak, arrain salmenta edo Arrantzaleen Museorako doako sarrera. Gainera, herriko kirol eta kultur taldeek ere protagonismo berezia izango dute, “ezinbesteko protagonistak ere badirelako”: “Horiei esker beteko da Arrain Azokaren egitaraua kultur eta festa giroz. Gainera, estropadak eta pilota eta zesta partiduak bezalako kirol ekimenek ere indarra hartuko dute, herriko nortasuna agerian utziz”.
Elkartasun deia.
Elkartasuna ere bada bermeotarren ezaugarria, behin eta berriz erakusten baitute laguntzeko prestutasuna herrian egiten diren ekintza ezberdinetan. Horregatik, urtero legez, Elkartasun Gunea egongo da aurten ere. Hori, baina, Lamerako karpan kokatuko dute: bertan egongo da marmitako eta hegaluze errea dastatzeko aukera, boluntarioen lanari esker. Hala, jatekoa etxera eroateko asmoa dutenei ontzi propioak eroateko deia egin diete antolatzaileek. Eta, ohi legez, bildutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko gaixotasun bereziak dituzten umeen tratamentuetara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrak asetzeko helburuz.
Elkartasunerako deia ez ezik, arduratsuak izatekoa ere zabaldu dute udaletik: erosketak egiten doan jendeari bakoitzak bere poltsak etxetik eramateko deia egin diete, eta herritarrei zein bisitariei, orohar, herria garbi mantentzeko eskatu.
Era berean, herritarrei ibilgailuak “ahalik eta gutxien” mugitzeko deia egin diete, eta bisitariei garraio publikoa erabiltzekoa. Izan ere, azoka dela-eta, Portuzarra, Lamera, Ispizua tar Segundo eta Frantzisko Deuna artean ibilgailuen joan-etorria murriztuko da.
Bermeotarrak erraz sartzen dira giroan, eta mahonezko arropek asko laguntzen dute horretan. Hala, horiek armairutik atera eta soinean janzteko unea iritsi zaie, biharkoan urdina izango baita herriko kolore nagusia, eta, ahoa ere euskaraz mugitzeko hitzordua dute: “Itsosuek ekarriko berbieri, dale beti. Atraka bapora eta erdu azokara“.
EGITARAUA:
GAUR (MAIATZAK 16)
- 09:00-11:00. Nautika eskolako nabigazio simulagailua ikusteko bisita.
- 09:30-11:30. Arrain Azoka Pro enpresen topaketa, Arrantzaleen Museoan: Jasangarritasuna lehiakortasuna galdu barik.
- 11:00-12:00. Arroyabe arrain kontserba lantegira bisita, doan. Erreserbak aurretiaz turismo bulegoan egin behar dira. Bermibusa 10:15 eta 11:15ean irtengo da Lamerako geltokitik eta kiroldegiko geltokian jaitsi beharko da.
- 12:00. Arrain Azokari harrera eta hasiera ofiziala. Hegaluze Saria emango dute Lamerako karpa handian.
- 12:45. Camus enpresaren aurkezpena, Gune Gastronomikoaren baitan.
- 13:00-17:00. Gune solidarioan atuna marmitakoan edo erreta jateko aukera izango da.
- 17:30. Umeentzako Bermeo Tuna Dastaketa: Tunido desberdinak ezagutzen, Gune Gastronomikoaren baitan. Sarrera aurretiaz erosi behar dela aurreratu dute. Turismo bulegoan 5 eurotan eros daiteke.
- 18:00. Arrain Azoka pintxo lehiaketa: profesionalen eta amateurren finala, Gune Gastronomikoaren baitan.
- 18:00. 6-12 urte bitarteko umeekin irteera laburrak belaontzietan, Galerna Belaontzi elkartearen eskutik.
- 19:00. Pilota partida nagusiak, Artza frontoian. IV. Bermeo Hiria-Inpesca pilota jaialdia. Urrutikoetxeari Bermeoren Agurra.
- 19:00-21:00. Gune solidarioan atuna marmitakoan edo erreta jateko aukera izango da.
- 20:00. Alkartasuna Dantza Taldea eta Joxepa Kale-Kale taldea, Lameran.
- 21:00. Larrain dantza herrikoia, Portuzarran.
- 20:00. Kanta Kanta Lorue taldearekin abesten, Alde Zaharrean, Lameran eta Portuzarran.
BIHAR (MAIATZAK 17):
- 10:00. Batelen estropada: X. Arrain Azoka Bandera.
- 10:00-13:00. Nautika eskolako nabigazio simulagailua ikusteko bisita eta korapiloak egiteko tailerra.
- 10:00-15:00. Bisita gidatuak Ortube atunontzian.
- 10:30-14:30. Umeentzako Izan arrantzale tailerra, Kofradia Itsas-Etxea taldearen eskutik.
- 11:15-11:40. Kostako enpresaren aurkezpena, Gune Gastronomikoaren baitan.
- 11:45-12:10. Umeentzako Bermeo Tuna Dastaketa: Tunido desberdinak ezagutzen, Gune Gastronomikoaren baitan. Sarrera aurretiaz erosi behar da turismo bulegoan, 5 eurotan.
- 12:20-13:00. Nagusientzako Bermeo Tuna Dastaketa: Tunido desberdinak ezagutzen, Gune Gastronomikoaren baitan. Sarrera aurretiaz erosi behar da turismo bulegoan, 10 eurotan.
- 12:00. Kalejira Musika Eskolako Kankinkabara, kantari txikiak eta Arrekatxutxa taldeekin, Lameran eta Portuzarran.
- 12:00. KIETB erraldoi txikien konpartsaren kalejira, Ordiziako erraldoiekin eta Gasteizko Arai Bere Aitona-Amonekin batera, Alde Zaharretik, Portuzarratik eta Lameratik.
- 13:00-21:00. Gune solidarioan atuna marmitakoan edo erreta jateko aukera izango da.
- 20:00. Frontoian Euskal kanta herrikoiak: Joxepa Kale-Kale taldearekin eta Ross akademiaren dantzekin. Sarrera doan, Radio Nervionen eskutik.
ETZI (MAIATZAK 18)
- 11:15. Juan Antonio Apraizen Koiote aurkezpena: Gure arrantza itsasotik mahai- dxera, Gune Gastronomikoaren baitan.
- 12:00. TI. Arrain Azoka Jai Alai Artza Frontoian. Bermeoko Zesta Punta Eskolak antolatuta.
- 12:30. Bermeoko erraldoiak, Lameran eta Portuzarran.
- 12:30. Erroxapeko Martxa ibiliko da Lamera eta Portuzarra girotzen.
- 13:00. Bermeoko Erraldoien Konpartsaren sari banaketa.
- 13:00-16:00. Gune solidarioan atuna marmitakoan edo erreta jateko aukera.
Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du bihar, Bermeoko Arrain Azokara bertaratzeko asmoa dutenei joan-etorriak errazteko asmoz. Ondorioz, Bermeo-Matiko linearen zerbitzua indartu egingo da bihar Gernika-Bermeo tartean, bi noranzkoetan, 10:45etik 21:00etara arteko zerbitzuan, ohiko zerbitzua osatuko duten 11 zirkulazio osagarrirekin.
Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek Euskotrenen 944 333 333 telefonoa dute eskura. Halaber, E4 Bemeo-Matiko (Bilbo) linearen zerbitzuari buruzko informazioa jaso dezakete Euskotreneko langileek zerbitzatzen dituzten geltokietan, APP ofizialean eta www.euskotren.eus webguneko ordutegien bilatzailean.