20 lagun batu ditu hostoak marrazteko tailerrak
Gernikako Berbalagunek hostoak marrazteko tailerra antolatu zuen atzo (maiatzak 15), Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Horrekiko balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.

Atzo (maiatzak 15) Gernikako Berbalagunek hostoak marrazteko tailerra antolatu zuten kultur etxean. Antolatzaileek esan dutenez, 20 Berbalagun elkartu ziren Gernika-Lumoko kultur etxean, Jose Fernandezen azalpenak entzuteko eta ondoren praktikan jartzeko: “Joseri bere aitak erakutsi zion haritzaren hostoetan irudiak grabatzen edo marrazten, eta, orain, guri helarazi digu bere jakituria”.
“Hasieran, ahoz azaldu zizkigun eman beharreko pausoak. Lehenik, haritzaren hosto egokia hautatzen (tamaina eta sasoiaren arabera); bigarrenik, jasotako hosto hori lehortu eta lisatzearen garrantzia azpimarratu zuen; hirugarrenik, txantiloi aproposak egiteko trikimailuak aipatu zizkizgun; azkenik, eskuila erabiliz nola gastatu hostoaren gainontzeko atala”, gaineratu dute Berbalaguneko kideek. Azalpenetatik haratago, gainera, “praktikatzeko abagunea” ere izan zuten kultur etxean elkartutako 20 pertsonek; izan ere, Josek ekarritako hosto eta txantiloiak baliatu zituzten, bakoitzak berea egiteko, “arropa-eskuilekin lasai-lasai kolpatuta”. Emaitza “oso politak” izan zituen tailerrak, antolatzaileen hitzetan, eta beraz, balorazio positiboa egin dute horrekiko: “Oso gustura geratu ginen guztiok, eta biziki baloratu genuen teknika honek eskatzen duen zehaztasuna. Horrela ba, hainbat kidek etxean egingo dutela aipatu zuten”.
Gauzak horrela, gerturatutako guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete Gernikako Berbalagunetik, eta aipamen berezia egin diote, noski, Fernandezi, bere jakintzak tailerrarekin bat egindakoekin partekatzearren.