Betanzosek eta Lekerikabeaskoak lehengo lepotik burua
Iazko I. Busturialde Kopa amaitu zuten bezalaxe hasi dute aurten II. ekitaldia Koldo Betanzos muxikarrak eta Urko Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrak: irabaziz. Ibarruriko I. Goitibehera Lasterketan nagusi izan dira, eta lehiaketaren lidergoa lortu dute.

Goitik beherakoan, ez dago Koldo Betanzos eta Urko Lekerikabeaskoa geldituko duenik. I. Busturialde Koparen iazko garaileek oraindik sasoi bete-betean daudela frogatu dute, eta garaipenez abiatu dute eskualdeko goitibehera txapelketaren II. ekitaldia. Iragan zapatuan [maiatzak 10], Ibarrurik hartu zuen lehiaketaren aurtengo lehendabiziko hitzordua: Ibarruriko I. Goitibehera Lasterketa. Parte hartzaileek Burdaria auzunea Eleizaldegaz lotu zuen 800 metroko jaitsiera tekniko eta estuari aurre egin behar izan zioten.
16:30etarako eduki zuten ipinita hitzordua jaitsieran parte hartu zuten 30etik gora lagunek. Lehen jaitsiera entrenamendu erara baliatu zuten, ibilbidera doitzeko; doitzetik urrun, baina, ezbeharra gertatu zen. “Partaideetako batek istripua eduki zuen, arratsaldean botatako euri kopuru handia tarteko; kide hura ospitalera eroan etam anbulantzia bueltatu zen artean, baina, atertu egin zuen, eta jaitsiera euri barik egin ahal izan genuen azkenean”, azaldu dute Trokan Behera Inertzia Taldeko antolatzaileek.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Jarraian, jaitsiera puntuagarri bi egin zituzten, eta horietako denborarik bizkorrena aintzatetsi. Lehen jaitsieran, Betanzos eta Lekerikabeaskoak estreinako erreferentzia serioa ezarri zuten: 1.00,012koa. Aitor eta Alize Etxebarriak segundo bi gehiago (01.02,245) behar izan zuten, jaitsiera osatzeko; Ioritz Zabalgogeaskoak eta Aimar Martijak, ostera, 01.03,385ean biribildu zituzten lanak. Bigarren jaitsieran, Betanzosek eta Lekerikabeaskoak ia-ia denbora berbera egin zuten, 01.00,165ekoa. Jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Urtzi Torrontegi eta Eneko Lopez (01.00,491), batetik, eta beren lehen marka dezente hobetu zuten Zabalgogeaskoa eta Martija, bestetik (10.00,972).
Azkenean, Betanzos-Lekerikabeaskoa bikoteak, beste behin, merezimendu osoz poltsikoratu zuten garaipena. Antolatzaileek aurreratu eta beraien iazko emaitze frogatu legez, bikote hori zen proba hasi orduko faborito nagusia, eta asmatu zuten hautagaitza hari erantzun aparta ematen. Bigarren postuan, Torrontegi-Lopez bikotea sailkatu zen. Podiuma Zabalgogeaskoa-Martija bikoteak osatu zuen.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Gurpilen biraka gelditzeagaz ez zen amaitu jai giroa. Izan ere, aldarte ederra gailendu zen Eleizaldeko sari banaketa ekitaldian. Gauean, Erdu! Muxikako Gazte Asanbladak afari herrikoia prestatu zuen, eta 60 lagun inguru bildu ziren txokoan. Gaualdiak DJ Erdu-ren musika saioagaz harrapatu zuen gailurra. Antolakuntzak “balorazio ona” egin du hala lasterketari, nola parte hartzaile, ikusle eta herritarren erantzunari dagokionez, eta jadanik hurrengoari begira daude. Hurrengoa, hain zuzen, asterburu honetan edukiko dute.
Hurrengoa, Ajangizen.
Ajangizek Busturialdek Koparen bigarren hitzordua hartuko du, zapatuan [maiatzak 17], 15:00retatik aurrera. Parte hartzaileek jatsiera laburragoari aurre egin beharko diote, Argana auzoan. Sei lasterketaz osaturik egongo da II. Busturialdeko Kopa. Ibarruriko eta Ajangzko bi zitez gain, Gernika-Lumok (abuztuaren 15ean), Gautegiz Arteagak (abuztuaren 31n), Muruetak (irailaren 7an) eta Mendatak (urriaren 4an) osatuko dute eskualdeko inertzia lehiaketa.