San Pedro jaietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago, hilaren 23ra bitartean. Antolatzaileek txapelketaren oinarriak plazaratu dituzte.
Jai Batzordeak iragan barikuan [maiatzak 9] aurtengo San Pedro jaiak antolatzen hasteko lehendabiziko bilera irekia antolatu bazuen, jaiotarako kartel lehiaketa ere abian ipini zuten egun berean. Sanpedroetako kartel lehiaketan parte hartzeko aukera maiatzaren 23ra bitartekoa izango da. Udal ordezkariek, jaiak “herritar guztienak” izateko asmoz, mundakarrei parte hartzeko deialdia luzatu diete. Kartel lehiaketaren gaia San Pedro Jaiak 2025 – Mundaka izango da, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez lan bi aurkeztu ahalko ditu, norbere gustuko teknika libreagaz.
Lanak aurkezteko, Mundakako Udalaren bulegoetara joan beharko dira partaideak (Agirre Lehendakaria plaza), dagokien ordutegiaren barruan (09:00retatik 14:00etara). Garaileak 300 euroko saria jasoko duela aurreratu dute. Txapelketaren epaimahaia “artearen munduagaz lotutako pertsonek” osatuko dutela iragarri dute. Epaileen erabakia maiatzaren 30ean emango dute argitara.
Lehiaketaren oinarriak.
Lanak DIN A2 formatuan eta euskarri fisiko nahiz digitalean aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketaren leloa argi erakutsi beharko dute aurkeztutako proposamenek; ez, ostera, egilearen sinadura. Leloa idatzitako dakarren zarratutako gutunazal batean aurkeztu beharko dira; gutunazal horren barruan sartu beharko dira, halaber, egilearen identifikaziorako datuak, telefono eta NA zenbakiak barne. Kartelek beharrezko kalitate mailarik ez dutela aitzatetsiz gero, lehiaketa saritu barik geratuko litzateke; hori hala balitz, udalak beren-beregi hautatutako artista bat arduratuko litzateke kartela egiteaz.