Mundaka Ueman sartzea eztabaidatuko dute
Maiatzeko osoko bilkuran erabakiko dute Mundaka Ueman sartuko den ala ez, baina bihar [maiatzak 8] herritarrentzako saio informatiboa antolatu dute, 18:30ean, Gaztelekuan.
Mundakako Udalak maiatzeko udal osoko bilkuran erabakiko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kide izatea. Hori bai, bihar [maiatzak 8], 18:30ean, udal ordezkariak herritarrei zuzenduko zaizkie Gaztelekuan, beraien ikuspuntua zein den ezagutzeko eta proposatzen dituzten iradokizunak jasotzeko asmoz. Udalaren helburua, azaldu dutenez, euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen aldea “iraultzea” da. Horretarako, “beharrezkotzat” dute herritarren kontzientziazioa, eta horretara emana dago egueneko saio informatibo irekia.
Aurkezpen hori Udalerri euskaduna al gara? Zer diote datuek? izenburupean antolatu dute, eta mundakar guztiei Gaztelekura bertaratzera gonbidatu ditu udalak. Mundaka gehituko balitz, 114 lirateke Uemaren parte diren udalerriak. Tartean, Busturialdeko hainbat daude: Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea eta Muxika.