Itxaropenaren espedizioa, itsasoratzeko prest
Sahararen Aldeko 21. Euskal Karabana Alacanteko portuan dago jadanik, Oranera itsasoratzeko eta handik Tindoufera abiatzeko prest. 120 tona inguru bildu dituzte aurten.

Sahararen Aldeko 21. Euskal Karabana: Piztu itxaropena bere bidea egiten ari da. Iragan zapatuan [maiatzak 3] Durangon egin zuten karabanaren irteera agerraldi ofiziala, Landako gunean. Ekitaldi “hunkigarria eta ederra” izan zela azpimarratu dute Sahararen Lagunen Elkarteen Federazioaren antolatzaileek. Durangotik, Espainiar Estatu osoa zeharkatu du asteon laguntza humanitarioa ikur bereizgarri duen espedizioak, Alacanteko portura ailegatu arte. Bertan, itxaroten eduki dituzte Fronte Polisarioko kideak, materiala jasotzeko eta itsasoratzeko prest.

Argazkia: Besalde Elkartea.
Alacantetik, lehenik eta behin, Oranera ontziratuko da orain; jarraian, Orandik Tindouferako bidea hartuko dute. Tindoufen Saharako Ilargi Gorriari entregatuko dizkiote hala materiala, nola ibilgailuak, eta elkarte hori arduratuko da banaketaz eta kudeaketaz. Aurtengo karabanak 120 tona inguru biltzea lortu du, elkarteen eta eragile taldeen arteko “auzolanari” esker. Ez hori bakarrik: lau trailerrek, hiru eta bi ardatzeko kamioi banak eta autobus, anbulantzia, furgoneta eta 4×4 auto banak osatu dute espedizioa.

Argazkia: Besalde Elkartea.
Besteren artean, Besalde Elkarteak parte hartu du karabanaren bilketa eta antolaketa kanpainan. Aurten, 2.015 kilo jaki pilatu dituzte elkartekideek. Elikagaiak biltzeaz gain, ekarpen ekonomikoak eta osasun materiala ere bildu dituzte: 740 euro elikagaiak erosteko, eta 68 kilo (8 kaxa) osasun material. Aurreko urteetan egin bezala, Bermeoko Udalak 4.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin du.