Busturialdeko Plan Estrategikoaren hamazazpi proiekturi buruzko iritziak jaso dituzte
Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoaren II. Partaidetza Foroan elkartu diren 70 pertsonen iritzietatik ateratako ondorioetatik abiatuta, Talde Eragilearen beste bilera bat deituko dute, proiektuak hautatzeko.

Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoaren (EPE) Partaidetza Foroan “tipologia anitzeko agenteen ordezkariak” diren 70 pertsona inguru elkartu zituen atzo [maiatzak 6], Gernikako Elkartegian. Bigarren foroan izan zen—lehenengoa Busturian egin zuten, abenduan—, eta parte hartzaile guztiek EPEko hamazazpi proiektu traktoreei buruz dituzten iritziak jaso dituzte.
Proiektuak “bost arlo tematiko” handitan banatuta aztertu zituzten: ura, mugikortasuna, etxebizitza eta gizarte kohesioa, sustapen ekonomikoa eta aktibo natural, kultural, historiko eta identitarioak. Jorratutako proiektuan artean egon ziren, besteak beste, Autxagane-Muxika errepidea, Muxika-Bermeo bidegorria, etxebizitzaren sustapen publikoa bultzatzea, Lanbide Heziketa sendotzea, Muxikako eskualdeko industrialde berria eta aktibo historiko, kultural naturalei eta Gernika-Lumoko merkatuari balioa ematea.
Aztertutako hamazazpi proiektuak “orain arte garatutako partaidetza-prozesutik” sortu direla nabarmendu dute aldundiko ordezkariek. Lehen fasean, eskualdearen “diagnostiko integrala” egin zuten; bigarren fasean, berriz, Eskualdeko Partaidetza Foroa, herritarrek parte hartzeko prozesua, eskualdeko udalen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea izan duen EPEren Talde Eragilearen bilera eta azterketa tekniko-ekonomikoa egin dituztela zehaztu dute.
Eskualdeko herritarrek Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoaren II. Partaidetza Foroari emandako erantzuna “itzela” izan dela azpimarratu dute, eta orain, bertatik ateratako ondorioetatik abiatuta, Talde Eragilearen beste bilera bat deituko dutela jakinarazi dute, plan estrategikoa osatuko duten proiektuak aukeratzeko.