Azken unera arte, lehiakor
Urdaibai Eskubaloi Taldea Euskadiko Zilarrezko faserako play-offak jokatu ditu. Finaleraino heldu dira, baina azken txanpan Ereintzak garaitu ditu.

Urdaibai Eskubaloi Taldeko emakumezkoen senior taldeak Euskadiko Ohorezko Zilarrezko faserako play-offak jokatu berri ditu, Oreretan. Taldeak finalerainoko bidea egin du, lehiakor azalduz eta maila handia kantxaratuz.
Finalaurreko fasean, Elgoibarko Sanlo Eskubaloi Taldea eduki zuten arerio. Lehen zati aparta jokatuta, markagailuan zazpi puntuko aldea urratu zuten Busturialdekoek, baina gipuzkoarrek bigarren zatian markagailua irauli zuten, puntu biko aldea hartuz. Azken txanpan, Urdaibaik kolpe gogorra jo zien aurkariei, eta 27 eta 30 irabazi zuten kanporaketa, final handirako txartela lortuz.
Finalean Ereintza Senior Nesken Taldea eduki zuten aurrez aurre. Defentsan gogor aritu behar izan ziren, eta Urdaibaiko atezainak geldiketa erabakigarriak egin zituen. Lehen zatiaren amaieran, 8 eta 10 aurreratu zen Urdaibai. Bigarren zatiaren hasieran, baina, aurkariak gehiago izan ziren. Nagusitasun hark isla garbia eduki zuen markagailuan: 20 eta 17 nagusitu zen Ereintza, eta play-offen hurrengo fasera igarotzea lortu zuten.

Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Play-offetan urrun iritsita eta taldearen maila zein den bistaratuta, Urdaibai Eskubaloi Taldeko lantaldea pozarren azaldu da, eta beren denboraldia “itzela” izan dela azpimarratu dute.