Zapatuan (maiatzak 3) Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren finala hartuko du Gernika-Lumoko Gaztetxeak. Gazteen artean bertsolaritza zabaldu, bertsolari gazteei lekua eman, eta gaztetxeak elkartzeko eta politizatzeko espazio direla aldarrikatzea du helburu lehiaketak. Hain zuzen ere, Egurre Gazte Asanbladak duela hamar urte baino gehiago zarratu zuten Gaztetxea berreskuratu zuen apirilaren 12an, herriko gazteen interesak bermatzea helburutzat hartuz, eta espazio hori izango da bertso finalaren eszenatoki.
Ekimenaren finala Gernika-Lumon egitearen zergatia azaldu dute, besteak beste, antolatzaileek sare sozialen bidez: “Gaztetxeen aurka ematen ari diren erasoak ikusirik, eta politizaziorako herraminta ezin hobeak direla kontuan izanik, uste dugu Gernika-Lumoko bezalako proiektuak ilusioz hartu behar ditugula, eta guk ere egin behar diegula ekarpena”.
Hiru bikotek lortu dute finalerako sailkatzea, eta beraz, zapatuan foru herrian egotea: Aroa Arrizubietak eta Unax Aizpuruak, June Aiestaranek eta Maddi Aiestaranek, eta Gorka Pagonabarragak eta Ekhi Zuluagak. Gai-jartzaile lanak, beregain, Beñat Astizek eta Irati Martinezek egingo dituzte. Orain arte, Gaztetxeak Bertsotan lehiaketaren sei saio jorratu dira Gaztetxe desberdinetan, hurrenez hurren, bigarrez saioa Mutrikuk hartu zuen.
Egun osoko egitaraua. Bertso saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko den arren, egun osoko egitarau borobila prestatu dute Gaztetxeak Bertsotanekoek, herriko gazte asanbladarekin elkarlanean. Gauzak horrela, eguerdi aldean hasi, eta gauera arte iraungo du giroak eraikin berreskuratu berrian. Bertso-poteoa egingo dute 12:00etan, egitarauari hasiera emateko, sariketan parte hartu duten bertsolarien eskutik; bazkaria 14:00etan; eta Manex Astigarraga eta Lide Arregi umoregileen saioa, berriz, 16:30ean. Finala izango da ondorengoa, esan bezala, 19:00etan. Gero, 22:00etatik aurrera musika izango da nagusi, Desgaraian eta Mikosis taldeen kontzertuekin, eta, MariDJo DJagaz.