Lorategietako jaiak heltzear daude
Gernika-Lumon Lorategieta izaten da jaiak ospatzen lehen auzoa. Bihar botako dute festen hasierako txupina, eta zapatu iluntzera arte iraungo dute. Egun handia, berriz, etzikoa (maiatzak 1) izango da.

Gernika-Lumoko udalerriko urteko lehen jaiak bihar (apirilak 30) hasiko dira Lorategietan. Auzo hori izaten da udalerrian festak ospatzen lehenengoa, eta bihartik zapatura bitartean iraungo du aurtengo egitarauak.
Bihar 20:00etan botako dute jaien hasierako txupina, eta ostean, Auzune tabernan elkartuko dira auzotarrak, eurentzako prestatutako pintxopotean.
Etzikoa (maiatzak 1) izango da egun handia Lorategietan. 10:30etik aurrera, giroa berotzen ariko dira Gazteak Txistulari taldekoak, eta 12:00etan elkartuko dira meza santuan, eta ostean, kopauagaz gozatzeko aukera izango dute. Gero, Elai Alai dantzari Taldekoen dantzaldian batuko dira auzotarrak, herri bazkarian berriro bildu aurretik; 15:00etan egingo dute bazkari herrikoia, eta indabak dastatuko dituzte.
Eguna biribiltzeko, Xaiborrek Diskoruleta show berria aurkeztuko du 19:00etatik aurrera, eta auzoari erritmoa emateaz arduratuko da. Gainera, zapore gozoa ere jarriko diote egunari ze goxoki poltsak baantuko dituzte eta kamioi eszenatokira igotzeko aukera izango dute txikienek. Horrez gain, kartulinazko trokelatu bat jasoko dute bertaratzen direnek.
Zapatu arratsaldean jai giroak jarraituko du, izan ere, umeentzako egitaraua prestatu dute egun horretarako. 17:00etatik aurrera, umeentzako jarduerak egingo dituzte, eta txokolatea ere prestatuko dute horientzat. Gaua, berriz, orkestra latindarrak animatuko du, 20:00etan hasita; dantza eta animazioa ere egongo dira.
EGITARAUA.
Bihar, apirilak 30.
20:00. Jai hasierako txupina.
Gero. Auzokoentzako pintxopotea Auzunen.
Etzi, maiatzak 1.
10:30. Gazteak txistulari taldearen diana.
12:00. Meza santua eta ostean kopaua.
13:00. Elai Alai Dantza taldearen ikuskizuna.
15:00. Herri bazkaria: Indabak.
19:00. Xaiborren Diskoruleta show berria.
Zapatua, maiatzak 3.
17:00. Umeentzako puzgarriak.
19:00. Txokolate jana.
20:00. Orkestra latindarra, dantza eta animazioa.