Azken zoramenaren errezetaren osagai guztiak
Gatibuk eta Haziberrik Azken Zoramena Gernikan ekainaren 7ko agur kontzertuaren kartel osoa argitara eman dute.

Gatibuk agur kontzertu berezi askoa emango du ekainaren 7an, Gernika-Lumoko San Kristobaleko aparkalekuan. Sorterrian emango duten azkenengo kontzertua izango da, eta aurreratu dute “emanaldi berezia” prestatzen ari direla. Berezitasun horren erakusle, Gatiburen zuzeneko saioaz gain, arratsaldetik gauera bitarteko ospakizun egitaraua atondu dute taldeak eta Haziberriko antolakuntzak, Azken Zoramena Gernikan izenpean.
Gatibuk eskualdeko beste talde entzutetsu bat, The Uski’s, edukiko du lagun oholtzan. Ibarrangeluko eta Elantxobeko kideak igoko dira aparkalekuko taula gainera lehenengo, 18:30ean. Busturialdeko rock, pop eta surf-rockaz gozatzeko aukera aproposa ere edukiko dute, hala, bertaratzen direnek. Eskualdeko partaideak dituen Altxa Porru erromeria arduratuko da, ostean, ikusleak dantza betean ipintzeaz. Horiez gain, Pary&Tiza musika jartzaileek ere plaza girotzeko ardura izango dute ekainaren 7an. Bikote zornotzarrak beraien proposamen bizi eta dantzagarriak eroango dituzte oholtzara.
Aparkalekuko eremu nagusiaz, alabaina, ez da jaia hartuko duen gune bakarra izango: San Kristobal plazak Gatibufonia izeneko ikuskizuna emango du Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Bandak, 17:30ean hasirik. Herriko musikariak izango dira protagonista egitarauaren lehen zatian, zabala besteko berezia izango den errepertorioa tarteko. Hain zuzen ere, 45 musikarik osaturiko bandak Gatiburen “ibilbidea laburbiltzeko” abesti sorta interpretatuko du, Artur Sustatxaren gidaritzagaz. Herriko bandak bere ohiko soinu sinfonikoa gitarra zein baxu elektrikoagaz eta abeslariekin ezkonduko du.
Jaia, zentzu guztietan.
Musikaz gain, ospakizun aldartea, giro ederra eta jan-edana uztartuko ditu Azken Zoramena Gernikan ekimenak. Izan ere, Baserritik Gernikara elkarteak eskaintza gastronomiko berezia emango du; tokiko ekoizleen produktuak mahaigaineratuko dituzte, eta, esate baterako, bertako jakiekin eginiko mexikar burritoak dastatu ahalko dira, Busturialdea eta Mexiko lotuz.
Sarreren salmenta aurrera doa, eta horiek eskuratzeko bide bi daude: batetik, Gernika-Lumoko Turismo Bulegora jotzea; bestetik, Haziberriren web orrialdean erostea.