Xixiliren eskolarteko lehen torneoa, harrobiaren topagune
Xixili klubak eskolarteko lehenengo torneoa egin zuen iragan zapatuan, [apirilak 12] Bermeoko Arene kiroldegian. 180 gimnasta inguru elkartu ziren, harrobia bultzatzea eta eskolen bilgune izatea helburu zituen txapelketan.

Euskal Herriko gimnastika erritmikoko eskolak biltzea, bakoitzaren harrobi lana aintzatestea eta guztien arteko bateragunea sortzea izan dira Xixili klubak antolatutako lehendabiziko eskolarteko torneoaren jomugak. Iragan zapatuan [apirilak 12], Bermeoko Arene kiroldegiko kantxa gimnastaz lepo bete zen, goizetik eguerdira bitarteko lagunarteko txapelketaz gozatzeko. 180 parte hartzaile inguru erakarri zituen torneoaren estreinaldiak, Euskal Herriaren luze-zabaletik Bermeora hurreratuta. “Talderik onenak bertan egon ziren, eta parte hartzea goi mailakoa izan zen; klubek ederto erantzun diote txapelketaren sorrera deialdiari, eta pozarren gaude“, adierazi dute Xixiliko antolatzaileek.
10:30ean ekin zioten lehiari, eta benjaminetatik senior mailara bitarteko gimnastek parte hartu zuten, esku libretan nahiz aparatuekin. Halaber, bai bakarka, bai taldeka parte hartu zuten; taldeka aritu ziren amateurrak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta seniorrak, eta banaka, benjaminak, haurrak, kimuak, gazteak eta seniorrak. Lehia bera ardatz izan ez arren, antolakuntzatik argitu dute maila orokorra “oso handia” izan zela.
Etxeko klubekoen jarrera “aparta” izan zen maila denetan. Xixilitarrak lehiakor agertu ziren Areneko harmailak “ia guztiz” bete zituzten ikusleen aurrean. Banakako A sailkapenean, kimu A kategorian Alaitz Yukie bigarrena izan zen, eta Uxue Olabe hirugarrena; amateur sailkapenekoi gazte B kategorian, Uxue Hormaetxea hirugarrena izan zen, eta Elene Etxebarrieta bosgarrena; senior B mailan, garaipena lortu zuen Begoña Gorrotxategik; Izaskun Hormaetxea bigarrena izan zen pilotadun senior plus koskan, eta lehia hori laugarren eta bosgarren postuetan biribildu zuten, hurrenez hurren, Eider Albestegik eta Nagore Gorrotxategik; mazadun senior plus kategorian, garaipenak Arantzazu Hormaetxearen zakura jo zuen, Nahia Arrien bigarren sailkatuaren aurretik.
Bakarkako B sailkapenari dagokionez, Ainhoa Yerga laugarren izan zen benjaminen artean, eta Aitana Barinagarrementeria, ostera, kimu mailako onena izan zen, Malen Gonzalez taldekidearen aurretik, hain zuzen; lehia hartan, Naroa Willuweit podiumaren atarian geratu behar izan zen, laugarren. Haur kategorian, Nile Aranaz bigarrena izan zen. Uztaidun kadeteen lehian, aldiz, Izaro Uribeetxebarriak garaipena lortu zuen, eta podiuma klubeko beste partaide bik, Eunate Lobatok eta Nagore Jorgek, osatu zuten. Mazadun kadeteetan, Irati Arrien laugarren postuan sailkatu zen, eta Haizea Ostiz bosgarrenean.
Errepikatzeko prest.
Eskolarteko txapelketaren lehen aldiaren ondoren, hurrengo urteetan torneoagaz “aurrera egitea” espero dute antolatzaileek: “Taldeen erantzuna estreinaldikoa bezainbestekoa den heinean, errepikatzeko prest egongo gara. Esate baterako, polita litzateke hurrengo urtean lehiaketa Gernika-Lumon egitea, taldeak bertan ere entrenatzen baitu”.
Bestalde, El Conquistador del Fin del Mundo abentura programan diharduen Marcela Domberenea busturiarra txapelketaren amabitxia izan zen, eta egitarauaz bertatik bertara gozatzeko aukera eduki zuen, antolatzaileen esanetan: “Hasieratik amaierara egon zen Arenen, eta probekiko interes handia bistaratu zuen; izan ere, bere eguneroko jardunetik aldentzen den kirol alorra da gimnastika erritmikoa, eta hari buruz gehiago ezagutzeko egundoko gogoa zeukan”.