Gernikako Epaitegiak Bizkaiganeren aldeko epaia eman du
Bizkaigane proiektua kudeatzen duen Txapel Koop kooperatibak Bizkaiganerekin Bizkaiganeren instalazioak erabiltzeko sinatutako kontratua "erabat legezkoa" dela erabaki du auzitegiak. Ondorioz, Bizkaiganeren instalazioak erabiltzen jarraitu ahal dute kooperatibakoek.

Errigoitin dagoen Bizkaigane proiektuaren kudeaketa Txapel Koop kooperatibak darama, baina kooperatibakoek salaketa bat jaso zuten, euren proiektua Bizkaiganeren instalazioetatik ateratzea eskatzen zuena. Epaiketa martxoaren 27an izan zen, eta joan den barikuan (apirilak 11) ezagutu zuten epaiaren nondik norakoa. Hala, Gernikako Epaitegiak Bizkaiganeren aldeko epaia eman du, proiektua jatorrizko instalazioetatik ateratzea eskatzen zuen epaiketaren ostean. Horrela, Txapel Koop kooperatibak Bizkaiganerekin —Bizkaiganeren instalazioak erabiltzeko— sinatutako kontratua “erabat legezkoa” dela erabaki du auzitegiak. “Poztasun handiz jaso dugu albistea, ze epaiak argi eta garbi dio instalazio horien kudeaketarako kontratua guztiz legezkoa dela, eta guk Bizkaiganeren instalazio horiek erabiltzen jarraitu ahal dugula”, esan du Markel Enzunza Bizkaiganeko langile eta kooperatibako kideak.
Oraindik helegiteak aurkezteko tartea dagoela badaki, baina epaiak lasaitasuna eman diela dio. “Ze, epaiak salatzailearen alde egingo balu, gure proiektua kolokan jarriko zukeen eta, azkenean, 40 urteko proiektu bat horrelako kontu bategatik kolokan jartzea oso tristea izango litzatekeen, penagarria guretzat”, gehitu du. Eurek argi zuten arrazoia eurena zela, baina kontu juridikoekin “urduri” egon dira. “Kontu juridikoetan beti daude epaileen interpretazioak eta urduri ere egon gara. Baina azkenean ondo atera da eta pozik hartu dugu erabakia”.
Bizkaiganeren instalazioak erabiltzeko 50 urteko alokairu kontratua da sinatutakoa, eta kooperatibakoek argi esan dute beti eurek Bizkaiganeren instalazioak direnak dituztela alokatuta, “ez lurrak ez ezer, bakarrik instalazioak”.”Kooperatibakoek Bizkaiganeri kontratu bat egiteko eskatu genion bere garaian, instalazioak hobetzeko lanak egin gura genituelako. Diru asko sartu genuen horretan, eta berme bat behar genuen. Ondorioz, 50 urterako kontratua egin zen, proiektuak etorkizunari begira ziurtasuna ere izan dezan”, jakinarazi dute.
Izan ere, lehen sektoreari begira, eta elikadura burujabetzaren alde egiteko, “ezinbestekoak” dira Bizkaigane bezalako proiektuek aurrera jarraitzea. Hain zuzen ere, duela bost urte belaunaldi aldaketa bat emateko egindako lanketa aipatu du Enzunzak: “Sekulako lanketa egin genuen belaunaldi aldaketa bermatzeko. 40 urte baino gazteagoak ginen 5 gazte sartu ginen proiektura, horri jarraikortasuna emateko asmoz. Horregatik egin ziren, baita ere, instalazioak hobetzeko lanak, ia 140.000 eurora artekoak, proiektuak aurrera denbora luzez jarrai zedin eta belaunaldi aldaketa bermatuta egon zedin. Beraz, instalazio horietatik atera behar izango bagina, eta zorra ordaintzen jarraitu behar izango bagenu, baina hori egiteko etekin gutxiago jasoz, ze negozioaren parte bat bertan behera geratuko litzateke, galerak baino ez genituzke izango, eta proiektuaren bideragarritasuna kolokan egongo litzakete”.
Ehne sindikatuaren babesa jaso dute kooperatibakoek, baina aipatzekoa da, baita ere, epaitegi aurrean epaiketaren egunean bildu zen jendetzaren babesa. “Jende asko bildu zen, 100 pertsona inguru. Horrek erakusten du Bizkaiganek 40 urtetan egin duen bideak eta Bizkaiganeren filosofiak baduela babesa. Guri aurrera jarraitzeko indarra ematen digu horrek”, onartu du Enzunzak.
Nabarmendu du, gainera, eurek baserritarrak direla, eta baserrian lanean egon gura dutela, ez epaitegietan. “Ez dugu epaitegietatik ibili gura. Gu beti gaude prest berba egiteko, baina horrelako salaketak jasota, argi dago beste aldetik ez dagoela gurekin adostasun batera ailegatzeko borondaterik. Hala ere, gu, gazteok, baserrietan egon behar gara eta ez epaitegietan”.