Alkoholemia proba baten emaitza positiboak kargua uztera behartu du Joseba Zarragoikoetxea
EAJk bere tokian hartu duen kidearen berri eman du: Ager Lejarreta izango da.
Azken 14 urteetan Ereñoko alkate izandako Joseba Zarragoikoetxea Zenikazelaiak bere kargua utzi behar izan du, Ertzaintzaren alkoholemia kontrol batean emaitza positiboa eman ondoren. Zarragoikoetxeak modu ofizialean aurkeztu du bere dimisioa, eta EAJk bere lekukoa hartuko duen ordezkaria zein izango den ere aditzera eman du: Ager Lejarreta Garrogerrikaetxebarria. Hain zuzen, Lejarreta udaleko lehen alkateorde lanetan egon da orain arte, eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidentea da egun.
Halaxe amaitu da, horrenbestez, Zarragoikoetxeak udal gobernu taldearen buruan edukitako etapa. Hain zuzen, bere talde politikoak 127 boto eskuratu zituen duela urte biko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, eta udalean zazpi zinegotzi edukitzea ahalbidetu zion hark EAJri. PSEk, bigarren indar politikoak, bederatzi boto jaso zituen; PPk ere hautagaitza plazaratu zuen, baina ez zuen botorik lortu.
Zarragoikoetxearen ibilbideari dagokionez, 49 urte ditu, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan lizentziaturaduna da, EHUn. 2011n Ereñoko Udalera iritsi zen arte, bere ibilbide publikoa Euskadiko Motoziklismo Federazioagaz erlazionatzen zen gehienbat; hain zuzen ere, federazio horren lehendakariorde izatera iritsi zen.