Gurutze Gorriko boluntarioek ibilgailu elektriko bat jaso dute

Gurutze Gorriko boluntarioek ibilgailu elektriko bat eta bere kargagailua jaso dituzte gaur (apirilak 10), Gernika-Lumon; besteak beste, Javier Saenz de Jubera TotalEnergieseko presidentea, Ioritz Sanchez Busturialdeko Gurutze Gorriko presidentea eta Borja Ascondo Gurutze Gorriko boluntarioa izan dira goizean, foru herrian egindako ekitaldian. TotalEnergies energia kanpaina global integratuko bezeroen puntuen dohantzei esker izan dute autoa jasotzeko aukera, azaldu dutenez.
Gurutze Gorriaren baitako janaria banatzeko programara bideratuko da ibilgailu elektrikoa. Alegia, 2016az geroztik, Allende Salazar Herri Ikastetxeak, Gurutze Gorriak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jantokiko soberakinei bigarren aukera bat ematea lortzen dute, etxez etxeko banaketaren bidez, egunero “egoera zaurgarrian” dauden hamabost kolektibori onura eraginez. “Lan solidarioa” nabarmendu du Sanchezek, beraz, egunero egiten duten lana balioan jarriz, eta jasangarritasunari keinu eginez: “Ibilgailu elektriko honek gehien behar dutenei funtsezko laguntza hurbiltzen jarraitzeko aukera emango digu, gizarteratzearekin eta jasangarritasunarekin dugun konpromisoa indartuz”.
Auto bat Borjarentzat ekimena TotalEnergies eta Gurutze Gorriaren arteko elkarlanetik jaio zen 2024ko abenduan, “TotalEnergieseko bezeroak mobilizatzeko fidelizazio programako puntuak ekimen horretara bideratzeko asmoz”. Nabarmendu dute, bi erakundeek euren buruari ezarritako erronka “lau hilabete baino gutxiagoan” bete dutela. Izan ere, proeiktuaren hasieratik 2025eko otsailera arte, bezeroek 20.000 puntuko dohaintza egin dute. Dohaintza horrek auto elektriko bat eta bere kargagailua erostea ahalbidetu ditu, beregain.

Javier Saenz de Jubera, Borja Ascondo eta Ioritz Sanchez.
“Garen komunitateei ekarpenak egiteko” aukeratzat du Saenz de Juberak proiektua. “Euskadik negozio-maila handia eta hiriguneak ditu, baina baita ere, guztien arreta eta zaintza behar duten herri txikiak ere”, gaineratu du. Sanchezen hitzak jarraituz, oro har, garatzen diren kanpaina edo proiektuak jasangarritasunarekin bat egitearen garrantzia ere azpimarratu du: “Mugikortasun elektrikoa aldaketa motor gisa erabiliz, 2050ean karbonorik gabeko etorkizunarekin eta zero emisio garbiekin dugun konpromisoa agerian uzten du honek”.
“Beharrezkoa”. Borja Ascondo Gurutze Gorriko boluntarioa da, eta bera izan da proiektuaren hedapen bideoan parte hartu dutenetariko bat. Kanpainari izena eman diona, bide batez (Auto bat Borjarentzat). Beharrezkotzat zuen Ascondok ibilgailu elektriko bat, egunerokotasuneko lana errazteko: “Jende askok egiten dugu lan egunero, eta auto hau hobekuntza handia da. Lehenengo eta behin, gure lana errazteko, eta bestetik, ingurumenari laguntzeko. Orain arte ere konpondu gara, baina bidaia gehiago eginez eta laguntzeko esku gehiagorekin. Beharrezkoa zela uste dut, eta asko nabarituko dugula”.
Lanerako konpromisoa oinarri, oso eskertuta agertu da Busturialdeko Gurutze Gorriko presidentea. TotalEnergies kanpainari eskerrak eman dizkio, baina haratago, egunerokotasunean laguntzen dieten guztiei zabaldu dio esker ona. Proiektua sarean egiten den lanaren balioaren adibide argia dela aurreratu du, gainera: “Hainbat erakundek euren ahaleginak batu dituzte eskuragarri dauden baliabideak modu eraginkorrean aprobetxatzen direla bermatzeko, alferrik galtzea sahiestuz eta gehien behar dutenengana iritsiko direla ziurtatuz”. Argi du, beraz, horrelako ekimenek komunitatean benetako eragina sortzeko “lankidetza funtsezkoa” dela.