170 gimnasta baino gehiago batuko ditu Xixili taldearen eskolarteko lehen torneoak
Topaketaren helburua da gimnastika klubetako harrobiari garrantzia ematea eta kluben arteko topagune bat eskaintzea. Txapelketa 10:30ean hasiko da eta dominak bi txandatan banatuko dituztela aurreratu dute: lehenengoa, 11:55ean, eta bigarrena, 14:20an.

Lehenengo Eskolarteko Xixili torneoa hartuko du Bermeok etzi (apirilak 12), Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 170 gimnasta baino gehiago batuz; izan ere, 19 klubetako kirolariek parte hartuko dute 10:30etik aurrera Arene kiroldegian ospatuko den topaketan.
Xixilik antolatutako topaketa honen helburua da gimnastika klubetako harrobiari garrantzia ematea eta kluben arteko topagune bat eskaintzea. Gainera, eskola mailan egiten den lana balioan jartzea eta hainbeste maite duten kirola zabaltzea ere bada Eskolarteko Xixili torneoaren asmoa.
Xixili Gimnastika Taldeko eskolarteko lehen txapelketa klubaren egoitza ofizialak hartuko du, Arenek, eta, bertan, gimnastek tapizaren gainean duten trebetasuna erakitsiko dute, esku libretan zein aparatuagaz, bai taldekako modalitatean, bai banakakoan. Benjaminetatik hasi eta senior mailara arteko gimnastak elkartuko dira, guztiak eskola kirolekoak: taldeka ariko dira amateurrak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta seniorrak, eta banaka benjaminak, haurrak, kimuak, gazteak eta seniorrak.
Txapelketa 10:30ean hasiko da eta dominak bi txandatan banatuko dituztela aurreratu dute: lehenengoa, 11:55ean, eta bigarrena, 14:20an.
Eskolarteko lehen topaketa honek amabitxia izango du, eta hori Marcela Damborenea konkistatzaile busturitarra izango da, El Conquistador del Fin del Mundo abentura programan parte hartzen ari baita. Xixilitik jakinarazi dutenez, abenturazalea “oso pozik” agertu da torneo hau babesteko aukera izatearren, eta gimnastika erritmikoaren balioa nabarmendu nahi izan du, “trebetasun, indar, potentzia, malgutasun, arintasun eta erresistentzia kirola delako”.