Gernikako Lekuek: kultura-aniztasuna eskaintzeko prest
Bihartik (apirilak 9) domekara (apirilak 13) bitartean kultura izango da nagusi Gernika-Lumon. Gernikako Lekuek jaialdiak kulturaren hamaika alor musikatuko ditu, bost eguneko egitarauaren baitan.

Kulturaren formatu desberdinak lantzeko, indartzeko, eta batez ere musikatzeko prest dago aurtengo Gernikako Lekuek jaialdia. Hala, bost egunez Gernika-Lumoko kale eta espazio desberdinak ekintzaz beteko dituzte. Herriko eragileekin izandako elkarlana goraipatu, saretzea jomugan jarri eta txikitasunetik handitasunera salto egiteko prest agertu dira antolakuntzako kideak, bihar (apirilak 9) hasiko den eta domekan (apirial 13) amaituko den egitarau “borobila” aintzat hartuz.
Lortutako emaitzarekin pozik, eta kartelarekin eroso gelditu dira, hurrenez hurren, jaialdiko antolakuntzako kideak. “Aurten, artistei dagokienez, ez dugu lortu artista internazionalik ekartzea, baina antolakuntza bezala nahiko kontentu gaude lortu dugun kartelarekin, nazio mailako izen handiko artista batzuk ekartzea lortu dugulako. Nahiko borobila geldituko dela uste dugu. Salmenta aldetik, beti dugu saldutakoa baino gehiago saltzeko gogoa, baina jendea jaialdiari ondo erantzuten ari da, eta esperantza dugu jendeak oraindik sarrerak erosteko”, gaineratu dute.
Kartelburutzat hartu daitezke Christina Rosenvinge, Dupla edo PI L.T. Rosenvinge madriletik datorren artista esanguratsua da, eta Dupla jende tarte batentzat euskal herri mailako oso talde jarraitua da. Hala ere, “gainerakoak gutxiagotu gabe” osatu dute kartela, esan dutenez, eta guztien balioa kontuan izanez, denekin “oso eskertuta” daudela aitortu dute. Hamaika ekintza, eta hamaika musika estilo jorratuko dira foru herrian datozen egunotan, hain zuzen ere: “Estilo desberdinetako musika eskaintzeko kartela sortzea lortu dugu, eta guretzat hori oso baikorra da. Uste dugu aurtengo eskaintzarekin jendea gustora gelituko dela”.
Betiko espazioak izango dira Lekuek Jaialdiaren eszenatoki nagusiak. Nahiz eta gehien Kult Parnasoa, Astra edo Iparragirre bezalako espazioak erabiliko dituzten, “herria bera izango da eszenatoki oraingo honetan”. Iaz toki berriren bat sartu zen, eta aurten ere mantenduko da, baina orokorrean, jaialdiaren izenak berak dioenez, Gernikako lekuak izango dira nagusi, kultura eta musika hauspotuko dituen asteburuan.
Eguraldia aldeko izatea espero dute antolakuntzatik, eta horrek “are gehiago disfrutatzea” eragingo duela uste dute. Halaber, barikuan Itzulia Gernika-Lumon bukatzen dela aipatu dute, eta horrek “planak aldatu” dizkiote. Baina, halan da be, “musika eta kultura indartzeko saiakerak ez dira faltako” beraien aldetik.
Jaialdiaren irekiera Urdaibai Kantagunearen eskuetan egongo da, beraiek izango baitira biharko txupinazoa botako dutenak, segituan Segundo Olaeta banda sinfonikoarekin momentua girotuz: “Oker ez banago, Urdaibai Kantaguneak aurten 25 urte betetzen ditu. Hori nolabait azpimarratzeko, eta urtez urte guganako izandako prestutasuna balioan jartzeko omenaldi txiki bat egin nahi izan diogukantaguneari. Beraien ibilbidea nabarmentzeko eta laguntza eskertzeko, batez ere”.
Saretzea, oinarrizko. Herriko eragileekin saretzea oinarrizkoa dela lehenetsi dute antolakuntzatik, bide batez. Lankidetza defendatu, eta izenari erreferentzia egin diote, beste behin: “Hortik dator izena. Gernikako lekuek ez dira lehen aipatutako espazioak soilik. Gernikako lekuek kaleko edozein txoko, jende eta edozer dira. Guretzat, beraz, oso garrantzitsua da eragillen laguntza eta elkarlan hori”. Jada sortuta dagoen harreman hori “mantentzea eta egunez egun lantzea eta indartzea” dute jomuga, alegia.
Zati handi baten musika festibala da Lekuek, baina bestelakoentzako espazio, eta ikuslehio ere izan nahi dute. Horregatik, aurten, kontzertuez gain, kulturako hainbat alorrei keinu egingo diete datozen egunetan zehar. Itoizen dokumentala, Borja Iglesiasen liburuaren aurkezpena, azokak eta umeentzako tailerrak dira, batik bat, horren erakusle argienak. “Musika funtsean, kulturaren ikuspegi orokorragoa landu nahi dugu, eta batez ere, haurrei zuzendutako ekintzak ere antolatu ditugu horretarako. Ze, haurrak ere gure publikoaren parte dira”, azaldu dute.
Animatzeko deia zaldu dute, gainera, antolatzaileek. Bihar (apirilak 9) hasi eta domekara (apirilak 13) arteko egitasmoaren parte izatera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak, eta horretarako, bonoak oraindik eskuragarri daudela gogoratu dute: “Astran azkeneko bonoa gelditzen da, baina kontzerturen bat ikusterakoan ere lehiatilan ere bonoak eskuratu daitezke. Online ere erosi daitezke, Gernikako Lekuek Jaialdiaren webgunean. Sarrera solteak, ordea, onlinez gain, lehiatilan erosi daitezke”. Udaberria hasi berri dela ospatzea bilatuko dute egunotan Gernika-Lumon; “plan ezin hobea” iruditzen zaie antolatzaileei, horregatik, “nahi duena ongi etorria” izango dela azaldu dute, elkarlana, kultura eta saretzea nagusi izango diren egitarau borobilaz gozatzera.
EGITARAUA:
Bihar, eguaztena.
19:00. Itoiz; udako sesioak dokumentala, Lizeo Antzokian.
Etzi, eguena.
18:55. Txupinazoa, Urdaibai Kantagunearen eskutik, Pasealekuan.
19:00. Segundo Olaeta banda sinfonikoa, Pasealekuan.
21:00. Capsula, Iparragirren.
Apirilak 11, barikua.
18:30. Borja Iglesiasen Coda liburuaren aurkezpena, Kult-parnasoan
20:00. Christina Rosenvinge, Lizeoan.
20:30. Ramada inn eta Izukari, Kult-parnasoan.
20:00. Garratz, Aterpen.
20:00. Gabriel Gonzalez eta Hegoa Ibazetaren Tango show eta milonga, Neguetxean.
21:30. Agur, Zeppen.
22:30. Tarisko, Sititia eta Bombadil Sound Sistema, Astran.
23:00. DJ Set, L´Mentosen.
Apirilak 12, zapatua.
13:00. Broken Brothers Brass Band, kaleetatik.
16:00. Mibuenaventura, Alaien.
16:00. Vito Cacciapaglia/ Unzu/ Ani etaDJ Set+Vermuteke, Neguetxean.
17:00. Antxon Sagardui eta Elsa Kbless, Arranon.
18:00. La Boca.
19:30. Old Time Spooks, Ipar Tabernan.
21.00. DJ Antimeta, Irrintzin.
21:30. PI.L.T, Iparragirren.
21:30. Ganibet, Dupla, DJ Etxekoi eta DJ Hmndik etxera, Astran.
23:00. DJ Set, L´Mentosen.
Apirilak 13, domeka.
12:00. Umeentzako musika tailerra, Astran.
12:00. Disko eta arte azoka, Pasealekuan.
13:00. Swing dantza taldea, kaleetatik.
14:00. White Carters, Pasealekuan.
16:00. Nk & Passbass eta Jaimones, Aterpen.
18:00. Moura eta Churelia, joder!, Kult-parnasoan.