Saul Rosalesek irabazi du martxoko Ezetz Jakin saria
Ezetz Jakin lehiaketak badu martxoko irabazlea: Saul Rosales. Parte hartzaileen saria, berriz, Mikel Arangurenentzat izan da. Apirileko lehiaketa ere martxan dago, eta horretan parte hartzeko epea dagoeneko zabalik dagoela aurreratu dute Gernika-Lumoko Berbalagunek.

Saul Rosales kanariarra izan da 2024/25 ikasturteko Ezetz Jakin lehiaketaren bosgarren sariaren irabazlea, eta Berbalagunetik azaldu dutenez, Julen Tabernaren eskutik jaso du martxoko saria; bi lagunentzat otordu bat tabernan. Halaber, parte hartzaile guztien artean zozketatzen den saria Mikel Arangurenek jaso du oraingoan; 20 euroko bonoa izango du, datozen bi hilabeteetan herriko establezimendu batean gastatzeko.
“Oso pozik” agertu dira beste behin Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideak martxoko lehiaketan izandako parte hartzearekin. Izan ere, antolatzaileek jakitera eman dutenez, “93 erantzun” jaso dituzte azken hilabetean, 70 paperean eta 30 inguru online bidez: “Zifra ona dela uste dugu, beste behin; gure horretan mantentzen gara hilabetez-hilabete”.
Hilabetez hilabete horrela jarraitzea espero dute Gernika-Lumoko Berbalagunek, “euskararen mesederako”. Hori aintzat hartuz, apirileko lehiaketa ere martxan dagoela gogoratu dute: “Hilaren amaierara arte egongo da lehiaketan parte hartzeko epea zabalik. “Betiko gaiak” jorratuko direla nabarmendu dute, halaber. Hain zuzen ere, hamabost galdera zuzen erantzun beharko dira Ezetz Jakin lehiaketako 2024/25 ikasturteko seigarren saria lortzeko. Aurreratu dutenez, gainera, apirileko irabazleak Muxutruk Kafe Antzokian bi lagunentzako otordu bat lortuko du. Bide batez, herritarrak lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideek.