Gernika-Lumo, gudu zelai bihurtzeko prest
Gernika-Lumok V. Gerlari Erronka hartuko du domekan [apirilak 6]. Ia 2.000 lagun elkartuko dira, 6 eta 10 kilometroko probak egiteko.
V. Gerlari Erronka ekimenak geralekua izango du, beste urte batez, Gernika-Lumon. Herrigunea eta herri inguruak gerlarien gudu zelai bihurtuko dira datorren domekan [apirilak 6], erresistentzia, indarra, koordinazioa eta taldelana uztartzen dituzten lasterketen testigu. Izena emandako ia 2.000 gerlariek 6 eta 10 kilometroko luzeradun ibilbideei aurre egin beharko diete, tartean, 30 oztopo ingururi gaindituta. 6 kilometrokoa herrikoia izango den neurrian, 10 kilometrokoa eta 10 kilometroko Elite kategoriakoa OCR World Championship txapelketareko puntuagarriak izango dira.
Antolakuntzak azaldu duenez, 6 kilometroko proba bereziki hasiberriei zuzenduta egongo da. Bakarka nahiz taldeka lehiatzeko aukera egongo da, eta 150 lagun inguru ariko dira bertan, 10:40retan hasita. 10 kilometroko probari dagokionez, argitu dute “astean bizpahiru aldiz” entrenatu ohi duten atletentzat beren-beregi diseinatutakoa dela. Hala taldeka, nola bakarka lehiatzeko aukera egongo da, eta sailkapenak adinaren nahiz sexuaren araberakoak izango dira. Irteera, bestalde, adin taldeen araberako txandakatzearen arabera antolatuko dute: 09:20an, 9:40an, 10:00etan, 10:20an y 10:40an irtengo dira. Adin talde bakoitzeko lehen hamar sailkatuek OCR puntuak poltsikoratuko dituzte.
10 kilometroko Elite proba izango da egitarauko hirugarrena, baina irteera hartzen lehena: 09:00retan. Gerlaririk eskarmentatuenak eta lehiakorrenak izango dira Elite kategoriako protagonistak. Antolakuntzak adierazi du ibilbidea proba horien “entrenamendu espezifikoak” egiten dituztenentzako prestatua izan dela. Parte hartzaileak bakara ariko dira, eta gizonezkoen nahiz emakumezkoen sailkapenak baino ez dira egongo; bi horietako lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute. Aurreratu dutenez, proba horretan ere 150 lagun inguru ariko dira. Lehia horretan ere OCR puntuak egongo dira jokoan.