Esku pilotaren historia idazteko aukeragaz
Olatz Arrizabalagak Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren finala jokatuko du, domekan [apirilak 6], 12:00etan. Arrate Bergara izango du bikote; Mirian Arraiza eta Enara Gaminde, aurkari. Irabaziko balu, binakakoaren marka historiko bat gaindituko luke gernika-lumotarrak.

Datorren domekan jokatuko dute, 12:00etan hasita eta Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, emakumezkoen esku pilotaren hitzordurik berezienetako eta garrantzitsuenetako bat: Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren final handia. Olatz Arrizabalaga aurrelari gernika-lumotarrarentzat, binakako lehiaren zortzigarren finala izango da; azken seirak, gainera, jarraian jokatu ditu.
Arrate Bergara tuterarrak jagongo dizkio Arrizabalagari kantxaren atzealdeko koadroak, eta aurre aurre edukiko dituzte lehiaketa aparta egin duten Miren Arraiza donostiarra eta Enara Gaminde laukiztarra. Finalaren agertokiak hartu du gaur [apirilak 2] partidu handiaren aurkezpen agerraldia; bertan egon diraindarrak neurtuko dituzten lau finalistak.

Argazkia: Emakume Master Cup.
Lau hilabetez binakakoan aurrera egin ondoren iritsiko dira finalik eta gaitzenera. Lau pilotariek sasoiko eta punta-puntako jokoagaz iritsiko direla frogatu dute, baina zenbait partidutan sufritzea egokitu zaie bi bikoteei. Hala lehen ligaxka fasean, nola Urrezko Liga izeneko finalaurrekoen ligaxkan, sufrituta, baina mailarik handiena bistaratu duten pilotariak edukiko ditu finalak. Hala Gamindek, nola Arrizabalagak, gainera, badakite txapelketa irabaztea zer den.
Gailenduz gero, bigarren txapela litzateke laukiztarrarentzat; 2022an Irunen lortu zuen lehena, Arrizabalaga bera bikotekide zuela. Gernika-lumotarrak, ordea, marka oro apurtuko luke, domekan irabazle suertatuko balitz: binakakoan seigarren txapela eskuratuko lukeen historiako estreinako pilotaria litzateke.
Eskarmentu eta ofiziodun pilotari horiekin batera, gaztetasunaren eta belaunaldi berrien grina plazaratuko dute Bergarak eta Arraizak. Bai donostiar aurrelariak, bai tutera atzelariak konfirmazioaren txapelketa jokatu dute aurten, eta giltzarri izan dira beren bikotea finalera heltzea ahalbidetzerakoan. Binakako fnaleko estreinaldian, beraz, txapela janzteko aukeraz dira biak.
Olatz Arrizabalaga: “Egoera nahiko zabalik ikusten dut, bi bikoteok momentu onean helduko baikara, bakoitzak bere finalerdia ondo irabazita”
Finala, “zabalik”.
Arrizabalagak, hitzordu handiaren atarian, berdintasunaren finala izan daitekeela azpimarratu du: “Egoera nahiko zabalik ikusten dut, bi bikoteok momentu onean helduko baikara, bakoitzak bere finalerdia ondo irabazita. Baina finala beste kontu bat da: momentuko tentsioak eta urduritasunek eragin handia izango dute, eta partidua are gehiago gogortu dezakete”.
Alde fisikoari erreparatuta, lasai ageri da aurrelaria, bere bikotekideak aurten egindako urratsak tarteko: “Arratek sobera frogatu du pilotaririk dominatzailearenari ere aurre egin diezaiokeela piloteoan. Finalari begira, jokoa asko kargatuko diote atzealdera, ni partidutik atera asmoz; beraz, ardura handia izango du, eta nik alde horretatik lagundu egin beharko diot”.
Arrate Bergara: “Fisikoki sendo agertu beharko naiz, aurkariak jokoa atzera kargatzeko asmoz kantxaratuko baitira”
Hala, erritmoa eta abiadura izango dira finalaren giltzak, sakeen kontrolagaz batera. Arrizabalagaren bikote Arratek adierazi duenez, “zuloak irekitzea eta eustea” izango da bere jomuga: “Fisikoki sendo agertu beharko naiz, aurkariak jokoa atzera kargatzeko asmoz kantxaratuko baitira; eutsi egin beharko diot piloteoari. Horrez gain, zuloren bat zabaltzea lortzen baldin badut, Olatzek aurrealdean errematatzeko aukera izan dezake”.

Argazkia: Emakume Master Cup.
Txapelketan edukitako bilakaera, behintzat, alde izango dute Arrizabalagak eta Bergarak. Urrezko Ligaren Gallartako jardunaldian 22 eta 19 irabazi zieten finalean aurkari izango dituzten pilotariei. Partidu gogorra izan zen hura, oso fisikoa, eta azken unera arte lehiatua. Edozelan ere, tuterarrak azaldu du finala “guztiz bestelako” eszenatokia dela.