Joanes Goitisolo, Euskadiko txapeldun
Joanes Goitisolo Otazuak Euskadiko Duatloi Txapelketa poltsikoratu du, Oñatiko Duatloian. Unai Zoilo Elexgarai sukarrietarra laugarrena izan da. Urdaitri Triatloi Taldeak taldekako sailkapenean hirugarren postua eskuratu du.

Joanes Goitisolo Otazua atleta gernika-lumotarrak bere maila bistaratu du beste behin. Iragan zapatuan [martxoak 29] Oñatin lehiatutako Euskadiko Duatloi Txapelketan nagusitasun osoz gailendu zen, egun duatletarik onenaren pare dela frogatuz. Hiru sektoreko probari aurre egin behar izan zioten parte hartzaileek: lehenik eta behin, 10 kilometro egin behar izan zituzten lasterka; jarraian, 38,5 kilometro bizikletaz; azkenik, beste 5 kilometro korrika.

Argazkia: Naike Ereñozaga Orue.
Lehen trantsizioa orduko, Alusigma Peñota Dental etxekoak bere legea ezarria zuen proban: 31.36an burutu zuen lehen tartea. Ia minutu bateko aldea urratu zuen beragandik hurbil ibili zen partaide bakarrarekiko: Amandarri Triatloi Klubeko Mikel Arrasate Larrearekiko. Lekeitiarrak proba erregularra egin zuen, bigarren helmugaratu zen, baina une batean ere ez zen gernika-lumotarraren kotara ailegatu. Goitisolok, ondoren, erregistrorik onena markatu zuen txirrindularitza tartean (01.01.25), baita azkenengo lasterkaldian ere (16.52). Hala, merezimendu osoz eta 01.50.39ko denboragaz lortu ahal izan zuen txapela. Eskarmentuz jantzitako atleta izanik ere, oraindik distantzia horietako bezainbesteko maila nahiz esplosibotasuna dituela frogatu zuen.
Aipagarria izan zen, bestalde, Urdaitri Triatloi Taldeko Unai Zoilo Elexgarai sukarrietarraren txapelketa, bereziki, bigarren tartean eginikoa: lehen korrikaldia bederatzigarren postuan (34,25) biribildu baldin bazuen, bizikleta gainean (01.03.33) hanka bikainak dituela agerian laga zuen, laugarren posturaino iritsita. Ondoren sailkatutako parte hartzaileei dagokienez, besteak beste, Garraitz Kirol Taldeko Kepa Legarza Lopez 14. postuan sailkatu zen (02.00); gainera, V2M kategoriako denborarik onena berea izan zen. Amandarri Triatloi Klubeko Beñat Garcia de Andoin Lakak 21. postuan (02.03.17) amaitu zuen duatloia; Urdaitri T.T.-ko Xabier Ortuzar Ansotegi gernika-lumotarra, berriz, 26.a izan zen (02.04.23).

Argazkia: Naike Ereñozaga Orue.
Gainontzeko kategoriak.
Sailkapen absolutuan bigarrena izan arren, 23 urtez azpikoen sailkapena patrikaratu egin zuen Arrasatek; Zoilo bigarrena izan zen; Garcia de Andoin, laugarrena. Ondoren, Urdaitriko Peru Irazabal Pikatza gernika-lumotarrak seigarren postu txukuna (02.30.19) lortu zuen, eta Amandarri T.K.-ko Asier Marfil Morenok zazpigarrena (02.30.51). Ondarruko Koaxi Triatloi Taldea ere lehian murgilduta aritu zen. Hain zuzen, Larraitz Torrontegi Roo zazpigarrena (02.34.41) izan zen emakumezkoen artean.
Taldeka, Urdaitrik podium postua eskuratu zuen: 06.16.33ko denbora metatuagaz, hirugarrenak izan ziren. Zoilok, Ortuzarrek eta Bersoitz Odriozola Urkizak osatu zuten taldea. Amandarrik, berriz, sailkapen horretako zortzigarren postua lortu zuen; Arrasate, Garcia de Andoin eta Marfilen denborak baliatu zituzten, 06.27.01eko kopuru totala osatzeko.