94 zuhaitz landatu dituzte, jaioberriei ongietorria emateko
Iaz abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalak 'Haur bat, zuhaitz bat' ekimena, urtez urte herrian jaiotzen diren haurrei ongietorria emateko asmoz. Zapatuan (martxoak 29) 94 familiek egin zuten ekimenarekin bat, Traman.

Gernika-Lumon jaiotza bakoitzak aztarna uzten du lurrean. Udalak 2023an martxan jarri zuen Haur Bat, Zuhaitz Bat ekimena, eta aurten, berriro itzuli da herrira; zapatuan (martxoak 29), 12:00etan bildu ziren Traman, eta bertaratutakoek 94 zuhaitz landatu zituztela gaineratu du udalak. 94 zuhaitz, 2024ko martxoaren 1etik 2025eko martxoaren 1era herrian jaiotako haur bakoitzeko bat.
Proiektuak jarraikortasuna du oinarri, udal gobernukideek jakinarazi dutenez, eta ideia horretatik jaio zen ekimena ere, “jaioberriei ongi etorria eman eta haien familiak keinu sinboliko baten inguruan biltzeko” asmoz. Iaz 354 zuhaitz landatu zituzten, “pandemia hasi zenetik 2023ko otsailera arte jaiotako haurrei dagozkienak”. Esan dutenez, halaber, ordutik, baso txikia “hazten joan da” belaunaldi berri bakoitzarekin.
Zapatuan, azaldu dutenez, goizeko lehen ordutik, dozenaka familia joan ziren Tramaraino, Udalak prestatutako autobus zerbitzuan. Familia bakoitzari zenbakitutako zuhaitz bat esleitu zitzaion, eta aktiboki parte hartu zuten hura landatzen. “Umeei ongi etorria emateko eta txikitatik ingurumen kontzientzia sortzeko modu polita da”, aipatu zuen Gernika-Lumoko alkate den Jose Mari Gorroñok. Iaz landatutako 354 zuhaitzak kontuan hartuz, beregain, dagoeneko Gernikako basoak 595 zuhaitz dituela ziurtatu du udal gobernuak, “belaunaldi berri bakoitzarekin batera haziz”.