Australiara joan zirenen historia Muxikan ere ikusgai
Euskal Australiar Elkarteak Australiara joandako euskaldunen testigantzak jasotzen dituen 'Basques in Australia' erakusketa ikusgai dago Muxikako Zubieta Errotan; bertan egongo da apirilaren 11ra bitartean. Bariku arratsaldean, berriz, hitzaldia emango dute.

2023an Gernika-Lumon aurkeztu eta gero, munduan bidaiatu ostean, Ereñotik eta Nabarniztik pasatuta, Muxikara ailegatu da Euskal Australiar Elkarteak Australiara joandako euskaldunen testigantzak jasotzen dituen Basques in Australia erakusketa. Zubieta Errotan dago ikusgai bilduma, eta bertan egongo da apirilaren 11ra bitartean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hala ere, barikuan, 18:00etan, erakusketa aurkeztuko dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Euskaldunek Australiara bidaia egitearen eta bertan bizitzearen atzean ezkutatzen diren alderdiak plazaratuko dituzte aurkezpenean: bidaia bera, jatorria, helmuga, hango bizimodua, ogibide kontuak, alde kulturala eta emakumezko zein gizonezkoen egoeren arteko aldeak. Izan ere, euskaldunek Australiara bidaiatu izanaren arrazoiak zein euren bertako bizimoduaren nondik norakoak kontatzen ditu erakusketak, hainbat aspektutan sakonduz. “Bidaia da abiapuntua, eta aisialdia, berriz, helmuga; bien bitartean, denetariko informazioa dago”.
46 elkarrizketaren emaitza da erakusketa, denetariko argazkiekin hornitu dutena, eta emakumezkoei merezi duten plaza ematen diena: neskame, etxalde edo farm-etara, boterez ezkonduta, erreklamatuta edo hoteletara joan ohi zirenei buruz hitz egiten du. Hain zuzen, Espainiako eta Australiako gobernuek, Eliza Katolikoagaz batera, Marta Plana sinatu zuten eta, haren bitartez, 1960tik 1963ra hainbat emakume joan ziren Australiara. Hori guztia ere jasotzen du bildumak.