"Alde historikoa poliziakoagaz lotzea erronka handia izan da"
Urko Matzizidor Torrontegi idazle mundakarra bere literatur ibilbidearen bigarren geltokira iritsi da: osagai historikoak eta nobela beltzari dagozkionak txirikordatzen dituen 'Gernika, día de mercado' izeneko eleberria argitara eman berri du.

Busturialdeak exotismoa, interesa eta kontatzeko ugari gordetzen ditu Urko Mantzizidor Torrontegi idazlearen literatur iruditerian. Bere lehen lana, La vida es un tango, Gari izenekoa, bertan kokatu zuen mundakarrak, eta kaleratu berri duen Gernika, día de mercado bigarren eleberria ere eskualdean ezarri du. Urrats esanguratsua da bere idazle bidaian, eta bidaia horren nondik norakoak argitu ditu egileak.
Nobela munduratu da jada. Prozesua amaituta, zein sentsaziorekin zaude, egun?
Pozik nago, sorkuntza prozesuan aurrera egin ahala zenbait zalantza eduki ditudalako. Aurreko lana irudimenetik sortutako nobela beltza zen, baina bigarrenak dokumentazio aldetik behar handia eskatu dit. Hortaz, adi ibili behar izan naiz pasarte historikoak kontatzerakoan: batetik, ez nekien historia zehatz transmititzeko gai izango ote nintzen; bestetik, hura bizitakoei erabateko errespetua gorde behar nien.
Bide horretan, zeintzuk izan dira traba nagusiak?
Lehenengoa argi askoa da: lehen mailako iturri falta. Hori bai, bigarren mailakoek beren aurrekarien pasadizoak kontatzeko borondate handia erakutsi didate. 36ko gerrari buruzko dokumentazio idatzia, ostera, oso oparoa da. Bestalde, alde historikoa poliziakoagaz lotzea ere erronka izan da. Genero bi uztartzerakoan, gauzak ondo ateratzen ez direnean, arrakalak are nabarmenagoak izan ohi dira. Geure aitona-amonen istorioa, gerra eta gerraostearena, hondamendien errelatoa da; kontaketa hori zelanbait arintzera emana dago nobelaren alderdi beltz edo poliziakoa.
“Jende askok gehiago daki Normandia edo Stalingradi buruz, bere aitona-amonek bizitako gerrari buruz baino”
Gernikako bondardaketa zukututako gaia dela esan ohi da.
Ni ez nator bat. Bonbardaketa historiografikoki zukutu izan da, baina ez fikzioan: jende askok gehiago daki Normandia edo Stalingradi buruz, bere aitona-amonek bizitako gerrari buruz baino. Lanaren hazia konbertsazio soil batetik ernaldu zen. Urdaibai tradizioz ez da izan nobela beltzetan gertatu ohi diren hilketa, triskantza eta basakerien habitat, eta, horiek denak justifikatzeko, galdera bat egin nion neure buruari: zein gertakarik azal ditzake ekintza horiek guztiak? Hala bururatu zitzaidan bonbardaketaren gertaera traumatikoa.
Sormen prozesuaren une jakinen batekin geratuko zinateke?
Hamabost hilabeteko tartea izan da. Dokumentazioa lotzea eta trama osatzea gaitza da, artean oso gutxi idazten baita. Idazketa bera, ostera, egundokoa da. Sortzaile eta hartzaile lanak aldi berean egiten dira; oso gustuko dut hori.
Bide horrek sarritan erabaki gogorrak ere baditu.
Bai. Esaterako, pertsonaia bat ia-ia ezabatu egin nuen kontakizunetik. Kostatu zitzaidan erabaki hura hartzea, pertsonaia ia zentrala izatetik kasik aipamen soil batera igaro baitzen.
“Tratamendua ahalik eta txukunena zein errespetuzkoena izatea bilatzerakoan, asko erreparatu diot Toti Martinez de Lezearen moldeari”
Lana sortzean, erreferente jakinen bat eduki al duzu ispilu?
Ez, bereziki. Tratamendua ahalik eta txukunena zein errespetuzkoena izatea bilatzerakoan, asko erreparatu diot Toti Martinez de Lezearen moldeari; jarrera eta tonu aldetik errespetutsua izatea ezinbestekoa izan da niretzat.
Spoilerrik egin gabe, zelan labur daiteke eleberriaren trama?
Zati historikoa 1937ko apirilaren 23tik urte horren amaierara artean konprimitzen da; eskualdean gertatzen diren ekintzak, funtsean, Gernikako bonbardaketa baino hiru egun lehenagotik Sollubeko bataila ingurura artekoak dira. Bigarren zatia, 1987koa, bonbardaketaren 50. urtemuga zela eta egin zen musika jaialdiaren bueltan lerrokatuta dago. Gazte batzuek krimen batean murgilduta ikusten dute beren burua, eta gertakari hori 1937koekin lotuta dago. Hori horrela, alde bata eta bestea uztartzen dira lanean.
Lehen nobelak eragin handia eduki al du bigarren honetan?
Ez. Keinutxo xume bat besterik ez dago. Lehen eleberrian, pertsonaietako batek bere osaba bat aipatzen zuen, istorio hartan esangura puntu jakin bat zuena. Bigarren obra honetan, norbanako horri pasartetxo bat eskaini diot.
Tokiak, eskualdeak, ostera, badu eraginik zugan, ezta?
Itzela, gainera. Esaterako, idazle madrildar batek Bilbon kokatutako nobela beltz bat idazteari nik neuk gabeziak sumatzen dizkiot askotan; zelan edo halan, arrotza iruditzen zait. Zentzu horretan, Stephen Kingen jarraitzaile sutsua naiz: hura Mainekoa da, eta bere lan denak bertan girotzen ditu. Adibideagaz jarraituz, nik ere banuen istorioa Belfasten kokatzerik, baina zer pentsatuko luke bertako batek, hura irakurriz gero? Seguru nago hutsuneak igarriko lituzkeela. Hirugarren aukera, Mikel Santiagok egin legez, agertoki imajinarioa sortzea zen, baina horrek ez zidan segurtasun handiegirik transmititzen.
“Modu finean egindakoa bada ere, uste dut editorearen eskua erabakigarriagoa izan dela bigarren obra honetan”
Zelakoa izan da Alberdania argitaletxeagaz elkarlana?
Oso naturala eta ederra. Lehen lana beraiekin argitaratzea erabaki nuenetik, pila bat lagundu didate. Ez hori bakarrik: modu finean egindakoa bada ere, uste dut editorearen eskua erabakigarriagoa izan dela bigarren obra honetan. Oro har, oso gustura nago egin dugun auzolanagaz. Proposatu dituzten moldaketak errespetu handiz egindakoak izan dira, eta kalitatea hauspotzeko lagundu dutenak.
Sortzaile baten bigarren lanari, estreinaldiaren ondoren, nolabaiteko konfirmazioa eskatzen zaio maiz. Industriaren noranzko horrek buruko minik sortu al dizu?
Ez, nik ez baitut nire burua idazle profesionaltzat jotzen. Nik pasio hutsagatik idazten dut, ahal dudan mailarik handienean. Egia da uneren batean dezepzio berba bururatu izan zaidala: argi nuen nobela beltz bat berriro idazteko gai nintzela, baina bigarren hau moduko bestelako lan bategaz irakurlea dezepzionatzeko beldurra igarri nuen noiz edo noiz. Nik idazle bakoitzari genero edo estilo jakin bat eskatzen diot, irakurlearen egoismotik; beraz, esan daiteke idazle modura ez dudala bete irakurle bezala eskatzen dudan hori. Edozelan ere, genero arteko uztartzearen aldeko apustua erronka polita izan da niretzat.
“Gernikako bonbardaketaren 88. urteurren egitarauaren barruan eta Ipes elkarteak antolatuta, apirilaren 9an, 19:00retan, Astran egongo naiz lana aurkezten”
Mundakan bertan aurkeztu zenuen lana. Zein aho zaporegaz atera zinen handik?
Oso gozoagaz, jende asko bertaratu baitzen. Harrera polita egin zidaten; guztiz eskertuta nago. Aurrerantzean ere lana han-hemen aurkezteko gogotsu nago: Gernikako bonbardaketaren 88. urteurren egitarauaren barruan eta Ipes elkarteak antolatuta, apirilaren 9an Astran egongo naiz, 19:00retan. Ondoren, Bilbon beste aurkezpen bi ditut aurreikusita: bata, Deustu liburu dendan; bestea, Bidebarrieta liburutegian. Madrilen ere ariko naiz, seguru asko, maiatzean; Machado liburu dendan izango da.