Erdi Arora atzera, gozamenean gora
Barikutik [martxoak 7] domekara [martxoak 9] bitartean, Gernika-Lumoko herrigunean Erdi Aroko Azoka hartu du.

Barikuan hasi eta domekara arte, Gernika-Lumoko kale, plaza eta bazterrek Erdi Aroko Azoka hartu dute. Postuz bete dira asteburu osoan zehar herrigune erdialdeko txokoak, eta bertaraturiko herritarrek denetariko produktuen eskaintza zabalaz gozatzeko aukera eduki dute.
Jendea azokaren postu gehienetan kuxkuxeatzen ibili den arren, jakiek erakarri dute interesik handiena, besteak beste, gaztak, ogiak edota gozokiek. Hori bai, bestelako gremioen artisauek ere piztu dute jakingurarik; batik bat, bitxigintza edota arropa salmenta postuetan jendea ibili da asteburuan. Azoka, gainera, ez da postuetara bakarrik mugatu. Izan ere, zuzeneko musika saioak, umeentzako jarduerak eta kale antzerkiak egon dira Gernika-Lumon.









































