Denboraldiaurreko bigarrena, etxekoen aurrean
Bermeo-Urdaibaik II. Alakrana Jaitsiera irabazi du, Mundaka eta Bermeoko uretan. Beterano mailan, Badok 13 taldea izan da bizkorrena.

Zapatuko [martxoak 8] II. Alakrana Jaitsieran hautagai nagusirik bazen, haiek Badok 13 eta Bermeo-Urdaibai zen. Castro Urdialesko Castreña Banderan denboraldiaurrea garaipenez estreinatu ondoren, sentsazio onei jarraipena eman askoz uretaratu ziren Aitor Gondrak gidaturiko bermeotarrak eskualdeko lehen banderan, eta ez zuten inondik inora kale egin.
Bigarren ekitaldian, ibaiadarretik ur irekietara lekualdaketa egin du senior mailakoen estropadak. Hain zuzen, egunean bertan bigarren moldaketa bat egin behar izan zuten, haizetearen erruz. Bermeoko portu ingurutik atera ziren parte hartzaileak, Santa Katalinan lehen ziaboga egiteko, eta kosta lerroaren eta Izaro uhartearen bitartean kokaturiko balizan bira egiteko; irteera lerrora itzulita, Mundakara azken luzea egin zuten, bertan helmugaratzeko.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Bermeo-Urdaibaik eta Badok13k ez zuten inongo arazorik eduki, garaipenak maisuki patrikaratzeko. Lehiaren lehendabiziko zatian, Kaikuk dozena erdiko aldea mantendu zuten bermeotarrekiko, baina, estropadak aurrera egin ahala, Bou Bizkaia-k nagusitasun eta merezimendu osoz gailentzea lortu zuen; erlojua 25.19,51n geldituta, 37 segundoko arrakala zabaldu zion Kaikuri (25.56). Hirugarren postua Zumaiarentzat izan zen (26.52,03), eta ondoren sailkatu ziren Zumaia (26.52,03), Hondarribi B (27.40,47), Busturialdea (28.02,11) eta Bermeo-Urdaibai B (27.49,57).

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Beteranoen lehian, Badok 13 ez zen inongo aukerarik uztearen alde agertu. Eraginkortasun osoz eta erlojua 18.15,87an geldituz, garaipen erosoa lortu zuen. Etxeko taldea, Mundaka, bigarrena izan zen; bisonteek 19.24,22ko erregistroa lortu zuten. Bilbok osatu zuen lehen hiruren sailkapena, 19.36,39ko denbora eginda. Jarraian, honako klub hauek helmugaratu ziren, hurrenkeraz: Plentzia (21.05,54), Mundaka mistoa (21.05,76), Sestao (21.18,22) eta Badok 13 B (23.11).