Izkina guztietatik, faxismoaren kontra
Mugimendu Feministak faxismoaren kontra aliantzak eraikitzeko deia egin du. Emakundek, 'Ni feminista naiz' kanpaina jarri du martxan, eta Itaiak "instituzioen aurpegi zuriketan" jarri du fokua.

Oldarraldiz beteriko garai hauetan, “aliantzak eraikitzen” jarraitzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako, eta Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean aterako dira kalera. Emakundek Ni feminista naiz kanpaina abiarazi du, eta Itaiak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko txoko desberdinetan, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! aldarriagaz.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publiko eta komunitarioa izan zuen jomugan joan den urteko martxoaren 8an, Greba Feminista Orokorretik hiru hilabetera. Aurten, testuingurua “askorik” aldatu ez den honetan, “desberdinkeriek bere horretan” dirautela zehaztu dute: “Zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu, eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu”. Izan ere, eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakadan jarri dute begirada: “Sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan… Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat”.
Hala, ezkerreko sektoreak ere seinalatu ditu mugimendu feministak, eta bertan ematen diren “feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakadak” jarri ditu jopuntuan: “Honek, emakume, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du”. Halaber, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistaren sostengurako “ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen” dituela mahaigaineratu dute. Beraz, horren aurrean, “feminismoarekin posizionatzeko ausardia” aldarrikatu dute feministek, “erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa, eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa”.
Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean
Feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista aldarrikatu eta feminismoa ezkerreko borroken erdigunera eramateko beharrezkotasuna plazaratu dute, “erabateko proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua” delako. Migrazio politikak salatu ditu, “egungo sistema arrazista eta koloniala sostengatzen dutelako”, eta elkartasuna adierazi diete Martxoaren 8 honetan erresistentzian dabiltzan feministei: “Euskal Herritik besarkada bana eta gure babes osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan…”. Hortaz, kaleak hartzeko eta aliantzak eraikitzen jarraitzeko deia zabaldu dute: “Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean”.
Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Gazte Feministen Sareak ere eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakadan, politika neoliberaletan eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, arrazista eta kolonialaren berfundazioan jarri dute fokua, eta horrek, “emakume, trans eta bollerak” etsaiaren jopuntuan jartzen dituela nabarmendu dute. Hala ere, ezkerreko mugimenduetan ere “badagoela nori eta zeri aurre egin” aipatu du bilgune feministak. Bestalde, Gazte feministek faxismoari aurre egiteko modua feminismoa dela aldarrikatu dute, eta bihar Antifaxismoa feminista izango da, edo ez da izango! lelopean aterako dira kalera. Gainera, biek ala biek, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute: “Ezinbestekoa da emakume eta gorputz disidente oro kalera atera eta borrokan jarraitzea. Segi dezagun Euskal Herria Feminista eraikitzen!”.
Feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakadak emakume, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko txoko desberdinetan, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lemapean. Izan ere, instituzioen “aurpegi zuriketa” salatuko dute bihar: “Ohikoak bihurtu dira alderdi politikoen mitinetan zein enpresa buruen agerraldietan berdintasunaren aldeko aldarriak; aldiz, argi daukagu, kapitalismoaren babesleek ez dutela inolako intentziorik emakume langileok bizi dugun zapalkuntzarekin amaitzeko”. Horrenbestez, bihar, “emakumeen zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikoarekin amaituko duen gizartea eraiki” nahi dutela eta borroka horretan, “emakumeak lehen lerroan” egon behar direla aldarrikatuko dute.
Ni feminista naiz
Emakundek, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek eta Eudelek Ni feminista naiz kanpaina jarri dute martxan aurten, “feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena” aldarrikatzeko. “Feminismoak ongizateari, berdintasunari eta pertsonen eskubideei egiten dien ekarpena aitortzeko unea da; une honetan feminismoa zalantzan jartzen dutenak beren ideiak zabaltzeko bide garrantzitsuak aurkitzen ari baitira, bereziki gazteei zuzenduak”, adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.
Horrez gain, Emakundek berdintasun eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunaren eta Nazio Batuek sustatzen duten Generation Equality ekimenaren barruan, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako eliteko futbol eta saskibaloi klub nagusiekin ekintza bat eramango du aurrera. Euskal kirola berdintasunaren belaunaldiarekin izena daraman kanpainak bederatzi kirol klub barnebiltzen ditu, “kirolaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko beharraz sentsibilizatzeko”.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, “emakumeen eta gizonen berdintasun politikak bultzatzeko” konpromisoa berretsi du, eta herritarrak konpromiso bera hartzera animatu ditu: “Herritar guztiak animatzen ditugu egunero adieraz dezaten berdintasunarekiko konpromisoa, modu publikoan eta aktiboan”.
EGITARAUA
AJANGIZ
- Bihar.
12:00. Ajangizko emakumeak batzeko hitzordua,
Mendietan. Elkarregaz egon, zeozer hartu eta argazkia aterako dute.
13:00. Gernikako Sare Feministaren mobilizaziora batuko dira.
ARRATZU
- Etzi.
13:00. Erika Liketeren Xirristi Mirristi antzezlana, kultur aretoan.
BERMEO
- Gaur.
18:30. Bermeoko XXV. Narrazio Laburren Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Erroxaperen lokalean, Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta. - Bihar.
Egun guztian. Berton elkarteak antolatuta, herriko komertzioen erakusleihoetan emakume erreferenteen erakusketa egingo da, eta Goiko Plazako eta Lamerako kioskoak be emakume erreferenteen kartelakaz beteko dituzte.
13:00. Bermeoko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute Goiko plazan.
BUSTURIA
- Gaur.
19:00. Gazteria eta feminismoa hitzaldia, kultur aretoan. - Bihar.
13:00. Kartelada, Altamirako plazan.
14:00. Bazkaria, Aingerubiden. - Etzi.
08:30. Martxa morea Altamiratik Foruraino, Mape Mendi taldeagaz. - Martxoak 14, barikua.
19:30. Backstage antzerki musikatua, kultur etxean. Sarrera 2 euro ordaindu beharko da.
EA
- Gaur.
19:00. Manifestazio feminista, Eako plazatik hasita.
21:00. Emakumeen afaria, Bodegoian.
ELANTXOBE
- Gaur.
20:00. Txikiteoa, portuan.
21:30. La Loba bodegaren ardo dastaketa, Ermintxo elkartean.
22:30. Bingo festa, Aurori eta Mariangelegaz.
EREÑO
- Bihar.
18:00. Briska txapelketa, Atxosten.
Jarraian. Merienda.
FORUA
- Bihar.
11:00. Foruarrak Bilbora joango dira txangoan.
GAUTEGIZ ARTEAGA
- Bihar.
12:00. Miren Agur Meabegaz solasaldia, kultur etxean.
GERNIKA-LUMO
- Gaur.
17:00. Elssie Xalbador ipuin kontalariaren kontakizuna, Elai Alai aretoan: Mundua aldatu zuten emakumeak. - Bihar.
13:00. Gernikako Sare Feministak deituta, mobilizazioa, Merkuriotik hasita.
14:30. Emakumeen bazkaria, Astran.
Gero. Pintxada herrikoia.
20:00. Itaiak deituta, mobilizazioa Merkuriotik abiatuta.
IBARRANGELU
- Gaur.
18:00. Txokolate jana, Gabiri tabernan. - Etzi.
19:30. Elkarretaratzea, Elixalden.
MENDATA
- Bihar.
14:30. Emakumeen bazkaria, Artape tabernan.
18:00. Ana Goitiaren Katana bakarrizketa, Artape tabernan.
MORGA
- Bihar.
13:00. Poteo musikatua.
14:00. Elkarretaratzea, udaletxean.
14:30. Bazkari herrikoia, Poli jatetxean.
18:30. Jolas jatorrak.
20:00. Dj Gu.
MUNDAKA
- Bihar.
11:00-13:00. Mandala erraldoia, plazan.
13:15. Manifestazioa, plazan hasita.
14:30. Gitarra jotzaileak, plazan.
19:30. Lapseren (H)ordago saioa, plazan.
MURUETA
- Bihar.
Eguerdian. Emakumeen bazkaria.
NABARNIZ
- Etzi.
13:30. Elkarretaratzea, Elexaldeko plazan.
SUKARRIETA
- Bihar.
18:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean, Sukarrieta-Kanalako Emakume Elkarteak antolatuta.