Zilarrezko eta brontzezko dominadun uzta
Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak zilarrezko domina bi (400 eta 800 metroko probetan) eta brontzezko bat (1.500 metrokoan) poltsikoratu ditu pista estaliko Espainiako Txapelketan.

Inma Ruizek, beste behin, maila handian dagoela frogatu du. Iragan asteburuan Antequeran (Malaga, Andaluzia) lehiatutako pista estaliko Espainiako Txapelketan emaitza apartak eskuratu ditu atleta gernika-lumotarrak. Master kategorian aritu zen zapatuan nahiz domekan, F60 adin taldean, eta hiru proba lehiatu zituen, Espainiako atletarik onenekin parez pare. Zapatuan, goizez nahiz arratsaldez aritu zen: goizean 400 metroko proban parte hartu zuen, eta arratsaldean, berriz, 800 metrokoan. Domeka goizean, 1.500 metroko probaren irteera lerroan egon zen. Zalantza batzuekin lehiatu zuen txapelketa, Antequerara “apur bat gaixorik” iritsi baitzen Ruiz.
Sentsazioak guztiz alde eduki ez arren, podiuma zapaldu zuen hiru neurketetan. 400 metroko lehian, bigarren postua lortu zuen, 1.15,86ko denboragaz. Distantzia horretako aire libreko proban “denbora hobeak” eskuratu dituela eta kanpoaldeko baldintzetan lehiatzea “nahiago” duela adierazi du Ruizek, baina, “bere egoera fisikoa” tarteko, pozarren agertu da lorpenagaz. Atsedenerako tarterik gabe, zapatu arratsaldean iraupen erdiko proban aritu zen, 800 metrokoan; zilarrezko beste domina bat lortu zuen han, 2.49,71ko denbora eginda. “Hori ere ez da denborarik txukunena, baina, behintzat, iazko txapelketan distanzia horretan egindako denbora hobetzea lortu dut”, argitu du.

Argazkia: Inma Ruiz.
Domeka goizean, 1.500 metroko azterketa eduki zuen gernika-lumotarrak. “Nekatuta” ekin zion lehiari, eta neke hark isla argi eta garbia eduki zuen bere errendimenduan: “Bezperako proben nekea eta erdi gaixorik nintzela batuta, podiumean amaitzea lorpen polita dela esango nuke”. Hain zuzen ere, hirugarrena izan zen Ruiz, onenen pare, 5.51,89ko denboragaz.

Argazkia: Inma Ruiz.
Domekan, Bilbon.
Lehiaketak ez du etenik edukiko Ruizentzat. Izan ere, datorren asteburuan, etxetik oso hurre lehiatuko du. Bilbok master kategoriako iraupen lasterketaren Espainiako Txapelketa hartuko du domekan [martxoak 9]. 10 kilometroko ibilbidea edukiko du aurrez aurre, Nerbioi ibaiaren ertzean. 47 minutu inguruko denbora egitea aurreikusten du gernika-lumotarrak, distantzia hori ez baitu gehiegi prestatu eta, gainera, ez baitaki irteera sistema zelakoa izango den: “Denok batera ateratzen baldin bagara, txandaka egin ordez, denbora bizkorra egitea gaitzagoa izango da; gainera, fisikoki oraindik ez nago guztiz berreskuratuta eta, hortaz, ez da erraza aurreikuspenak egitea”.