Udal egoitzak Jose Manuel Gabantxoren margolana jaso du dohaintzan
Jose Manuel Gabantxo margolari bermeotarraren 'Bermioko enbarkaziñuek' lanak apainduko du gaurtik aurrera Sancti Spirtius udal egoitzako areto nagusia. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak margolariaren "eskuzabaltasuna" eskertu du.

Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak artelan berria du aret0 nagusian. Gaur goizean [martxoak 6] dohaintzan jaso du Jose Manuel Gabantxo itsasoan eta itsas tradizioan inspiratutako lanak sortzeagatik ezaguna den margolari bermeotarraren Bermioko enbarkaziñuek koadroa. Gabantxori esker ona adierazteko asmoz, Bermeoko Udalak ekitaldia antolatu du goizean, eta bertan izan dira, besteak beste, Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, Endika Etxebarria Gizarte Ongizate Saileko zinegotzia, Ramon Alberdi Gizarte Ongizateko Udal Patronatutako zuzendaria eta udal egoitzako egoiliarrak.
“Opari honek udal zaharren egoitzako ingurua edertzeaz gain, egoiliarrei inspirazioa eta beraientzat hain garrantzitsuak diren itsasoaren eta arrantzaren oroitzapenak ekarriko dizkie, Bermeoren historian errotuta dagoen elementua baitira”, nabarmendu du Alberdik, egoitzako egoiliar eta langile guztien izenean Gabantxori emateagaz batera.
Etxebarriak margolari bermeotarraren ibilbidea azpimarratu du, gaztetatik marraztea gogoko izan duela azalduta: “Gaztetatik baxurako flotan arrantzale ibili zen, eta gero, armadorea eta arrantzaleen kofradiako lehendakaria ere izan zen arren, inoiz ez du bere zaletasuna albo batera utzi, eta beti jarritu izan du margotzen. Azken urteetan, inoiz baino gehiago margotu du”. Gabantxoren lanak Bermeon zehar ikusi daitezkeela gogoratu du, hala nola, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizan, Arrantzaleen Museoan eta San Pedro Arrantzaleen Kofradian. Orain, Sancti Spirtituseko hormetan ere egongo da margolariaren obra ikusgai.
Gabantxok Bermeoko ohiturak eta lanak islatzen dituzten “ohitura-koadroak” egiten ditu, Hau da, herriaren itsas historia errepasatzen du, “portuaren iraganeko xehetasunekin eta Bermeok itsasorekin duen lotura erakutsiz”. Izan ere, horren erakusgarri da gaur udal egoitzak dohaintzan jasotako margolana. Etxebarriak dohaintzaren garrantzia nabarmendu du, “bizilekuaren ingurunea aberasteaz gain, herriaren arrantza eta kultura nortasuna indartzen baititu”.
1985eko margolana.
Duela hilabete batzuk egoitza batera egindako bisita batean konturatu zen Gabantxo bertan dohaintzan jasotako hiruzpalau margolan zituztela, eta orduantxe otu zitzaion bere lanetako bat bere jaioterriko udal egoitzari dohaintzan eman nahi ziola. Bermeoko enbarkaziñuek 1985ean egindako lana dela nabarmendu du Gabantxok: “Margolana 40 urtez egon da gure etxean, erlikia bat da”. Dohaintzan eman nahi zuenez, hormako hutsune hori betetzeko beste lan bat egiten aritu da, “beste tematika batekoa”. Hori amaitu eta eskegita egon denean gauzatu da dohaintza.
Udal ondarearen parte izatera igaro den margolanean 34 itsasontzi ikusi daitezke. 1960tik gaur arte, itsasontziak dituzten 444 koadro zenbatu ditu, izan ere, ontziak marrazten aditua da bermeotarra. Lanak hainbat leku ezberdinetan daudela azpimarratu du Gabantxok; Bakion, Ceutan, Madrilen, Arrantzaleen Museoan… Gabantxo bere lana udal egoitzan egoteagaz “pozarren” agertu da: “Eskerrik asko nire koadroa hemen egotea uzteagatik”. Margolariarentzat “ohorea” da bere artea herriko jendearekin partekatu ahal izatea, “batez ere Bermeoko historiaren eta kulturaren lekuko izan direnekin”.
Gabantxok eta Nemehk Bermioko enbarkaziñuek-en kontzesioa sinatu dute, eta alkateak margolariaren “eskuzabaltasuna” eskertu du: “Keinu honekin, Jose Manuel Gabantxok bere herriarekiko eta bere jendearekiko konpromisoa berresten du, herriaren oroimenean iraungo duen arrasto artistikoa utziz. Eskerrik asko Jose Manuel zure dohaintzagatik”.