Atunaren sektorearen garrantzia ulertzeko saio parte hartzailean elkartu dira Bermeon
Bermeo Tuna World Capital elkarteak antolatutako Gastrotunaren saio berria "izugarri interesgarria eta baliotsua" izan da, atunaren sektorearen atzean dagoen "lana, esfortsua eta balio kate zabala" ezagutzeko aukera eskaini dielako herriko ostalariei.

Bermeo Tuna World Capital elkarteak Gastrotuna ekintza parte hartzaileen saio berri bat antolatu zuen astelehenean [martxoak 3], udalerriko ostalaritza sektoreko ordezkariekin batera. Albacora atun enpresan elkartu ziren, eta antolatzaileek azaldu dutenez, esperientzia “izugarri interesgarria eta baliotsua” izan da, alturako arrantzari buruz ikasteko aukera eman dielako.
Gastrotuna saio parte hartzaileak Bermeoko arrantzaren eta atun sektorearen dimentsioa eta garrantzia ulertzeko balio dutela azpimarratu dute BTWCekoek: “Topaketak oso baliagarriak dira, Bermeo Tunaren kondaira egituratzen eta ulertzen laguntzen digute”. Horrez gain, bertatik ateratako produktua, atuna edota hegaluzea, “balioztatzeko” aukera ere ematen dutela gehitu dute: “Hemen dugun produktua altxorra denaren kontziente izateko; izugarrizko lana, esfortsua eta balio kate zabala duela atzetik”.
Hala, balio eta lan hori herriko taberna eta jatetxeetan islatu beharra dagoela aldarrikatu dute elkartetik, saioan parte hartu duten Albacorari eta herriko ostalariei “erakutsitako interes eta esfortsuagatik” eskerrak emateagaz batera.