Urko Mantzizidorrek barikuan aurkeztuko du bere obra berria
Urko Mantzizidor Torrontegi idazle mundakarrak bere bigarren eleberria plazaratu du: 'Gernika, día de mercado'. Gaurtik [martxoak 5] aurrera eros daiteke, eta barikuan [martxoak 7] bere jaioterri Mundakan aurkeztuko du, 19:00retan, Branka hotelean.

Urko Mantzizidor Torrontegi idazle mundakarrak beste urrats garrantzitsu bat egingo du bere literatur ibilbidean. Bere bigarren nobela argitara eman du, Alberdania argitaletxeagaz. Gernika, día de mercado izena dauka gaurtik [martxoak 5] eskuratu daitekeen bere eleberri historiko berriak, eta Gernika nahiz 36ko gerra ditu hasierako kokaleku. Argitaletxetik azaldu dute, zertzelada historikoez gain, polizia eleberriaren zantzuak ere badituela 1937a eta 1987a abiapuntu dituen obra berriak.
Detektibe edo polizia nobelari dagokion kutsu horregaz, autoreak “hamarkada haietako sufrimendu istorio itzela apur bat arintzea” bilatu du: “Fikzioa baliatuta baldin bada ere, geure aitita-amonek porrotez porrot jasandako sufrimendu sekuentziari konponbidea ipintzea”. Izan ere, Gernikako bonbardaketa pairatutko familia baten bizipenetatik hasten da eleberria, gerora erregimen frankistaren errepresio bortitza jasan behar duena. Errelatu hori 50 urte beranduago, 1987an, Gernikako kaleetan pasatzen den gazte biren istorioagaz txirikordatzen da.
Argitaletxeko arduradunek nabarmendu dute autore mundakarrak trama bat antolatzeko duen “abileziaren isla” dela nobela: “Argumentu bat ederto atontzeko gai da, eszena bakoitzari dagokion espazioa emanez eta bakoitzaren tonua zainduz; gainera, hasieratik amaierara bitartean kontakizunari irudimena dario, eta elkarrizketei, ostera, eraginkortasuna. Istorioak aurrera egin ahala, ekintza eta suspentsea gailenduko dira, umoredun ukituren bategaz edo bestegaz”.
Gaur bertan salmenan egonagatik ere, liburuaren aurkezpen agerraldia bariku honetan [martxoak 7] egingo dute, idazlearen sorlekuan, Mundakan. 19:00retan hasita, Mantzizidor Branka hotelean (Kurtzio kalea, 1) egongo da, nobelaren nondik norakoak bertatik bertara argitze aldera.
Egileari buruzkoak.
1977. urtean jaiotako Mantzizidor ingeniari tekniko informatiko da, idazlea izateaz gain. Hain zuzen, plazaratu duen eleberria bere literatur ibilbidearen konfirmazioa da, aurretiaz kaleratutako La vida es un tango, Gari izenekoaren ondoren.