Radar finkoa jarri dute Antzoran
BI-3234 errepidean, Antzoratik Akordarako bidegurutzean, 50 kilometro orduko radar finkoa jarri dute. Heriotzan amaitzen diren "istripu askoren" kokaleku denez, herritarrek segurtasun eske eginiko eskariari "erantzuna ematera" dator neurri hori.

Ibarrangeluko Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, BI-3234 errepidean, Antzorako auzo inguruan, 50 kilometro orduko radar finkoa jarri dute, bertatik pasatzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko eta, hala, urtero-urtero gertatu ohi diren istripuak saihesteko. Errepide horretatik Gametxo eta Akordara doan bidegurutzea da gunerik beltzena, udal ordezkariek azaldu dutenez: “Urtero, gutxienez, heriotza emaitzadun istripuren bat ematen da inguru horretan eta, beraz, herritarrek segurtasun neurriren bat hartzeko eskatu izan digute behin baino gehiagotan”.

Antzoratik Akordarako bidegurutze eremua.Ibarrangeluko Udala
Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzagaz elkarlan estua eduki du udalak, neurri horiek zehazterakoan. Radarra ipintzeko obrei dagokienez, adierazi dute udalak berak hartu duela haien kostuaren ardura, eta 36.000 eurokoa izan dela. Radarra bera eta seinalizazioa, ostera, Eusko Jaurlaritzak jarri ditu. Era berean, udala neurri gehigarriak aplikatzeko beharrean ari da, aldundiagaz batera. Gune horretan norabide aldaketa sistema jartzea dute helburu, besteak beste; hori bai, orain arteko proposatutako egitasmoek ez dituzte derrigorrezko ingurugiro neurriak bermatzen: “Inpaktu hori, gainontzeko neurri denen modura, guztiz bermatuta egon beharko da eta, horrenbestez, proiektua hobetzeko lanean jarraituko dugu“.