Mendata bide segurtasuna indartzen ari da, urteroko asfaltatze lanekin
Hobekuntzak Olabe auzoko bideetan egin ditu Mendatako Udalak, eta horretarako ia 50.000 euro bideratu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduta.

Mendatako Udalak udal azpiegituren segurtasuna bermatzen jarraitzen du, eta horretarako mantentze lanak egin ditu, urtero legez. Udalerriko hainbat puntutan egin ditu lanok, batez ere Olabe auzoko bideetan, “bideen egoeratik eratorritako behar objetiboei zein auzotarren eskaerei erantzunez”.
Hain zuzen ere, lanek zoruaren garbiketa eta egokitzapena, hormigoizko arekekin drainatzearen hobekuntza eta sortutako hondakinen kudeaketa barne hartu dute. Hala, jarduera horiekin, bide segurtasuna hobetzeaz gain, joan-etorri erosoagoa eta eraginkorragoak bermatzen direla diote, egunero ibilbide horiek egiten dituzten oinezko, gidari eta txirrindulariei mesede eginez.

Asfaltatze lanak Mendatan.Mendatako Udala
Lan horietarako 48.150 euro bideratu dituzte (BEZ barne), eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu ditu oso-osorik.
Mendatako Udalarentzat bide azpiegiturak mantentzea “lehentasuna” da, izan ere, urtero planifikatzen eta gauzatzen ditu hobekuntza horiek, “udalerriko bizi kalitatea zaintzeko, segurtasuna indartzeko eta herritarren beharrei erantzuteko asmoz”. Jarduera horiek, gainera, landa ingurunea zaintzen laguntzen dutela diote, udalerriko bideak eta errepideak baldintza onenetan egongo direla ziurtatuz.

Asfaltatze lanak Mendatan.Mendatako Udala