Ean euskara bultzatzeko plangintza estrategiko berria osatzeko prozesua abiatu dute
Euskararen alde egiteko konpromisoa hartu dute Ean, eta euskara bultzatzeko Aroa plan estrategikoa osatzeko prozesua abiatu dute. Eako Udalak euskaraz aritzeko aukerak zabaltzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu du.

Euskara bultzatzeko plangintza estrategiko berria (Aroa) osatzeko prozesua martxan dago Ean ere bai, Uemagaz elkarlanean. Joan den eguenean (otsailak 27) planaren lanketari ekiteko saio irekia egin zuten, baina, horren aurretik, euskarak udalerrian dituen erronka nagusiak identifikatzeko herritarren artean galdetegi bat zabaldu zuen Euskara Batzordeak.
Paperean zein digitalki, ia 10 herritarretik batek hartu zuen galdetegia erantzuteko tartea —hau da, 74 erantzun zuten—, eta agerian geratu zen gaiarekiko herritarrek duten kezka. Izan ere, azken datu ofizialen arabera, Eako herritarren %81k daki euskaraz, eta kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera “nabarmena” egon den arrem, hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du. “Belaunaldiz belaunaldi transmititu dugu, eta etxean jaso ez duten ehunka herritarrek ere ikasi dute. Euskaraz bizi gara Bedaronan, Ean eta Natxituan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu”, esan zuten lehen batzar irekian.
Bizimodu aldaketa handiak gertatu dira azken urteotan, eta hurrengoetan ere gertatuko dira: harreman ereduak, teknologia berriak, biztanle mugimenduak… Aldaketa horiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari eta, errealitate horretan, Ean ere ezinbestekoa ikusi dute euskararen aldeko hautua egitea.
Izan ere, Eako Udalak uste du erakundeen zeregina dela euskaraz aritzeko aukerak zabaltzea eta bultzatzea, baita erraztasunak ematea herritar eta eragileei ere, eta horretarako konpromisoa hartu du: “Bide horretan sakontzeko eta aurrean dauzkagun erronkei egoki erantzuteko abiatu dugu Aroa plana osatzeko prozesua, herritarrekin eta eragileekin elkarlean”.