Denboraldiaurreko lehen zartakoa
Bermeo-Urdaibaik nagusitasun osoz irabazi du Castro Urdialesko jaitsiera. Bigarren postua Zierbena A-k lortu du, lau segundo beranduago helmugaratuta; podiuma Orio A-k osatu du, beste segundo batera.

Zalantzaren bat balego, argitu da. Bermeo-Urdaibai sasoiko eta lehiakor dago, eta denboraldiaurreko lehen arraunkadatik hori bistaratzeko prest dago bermeotar eskifaia. Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) lehiatu zuten iragan domekan [martxoak 2] SDR Castreña estropada, eta Bou Bizkaia-k garaipen handia eskuratu zuen bertan. Jon Salsamendiren gidaritzapean, bermeotarrek 23.51,75eko denboran osatu zituzten lanak. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Zierbena A (23.56,45) eta Orio A-rentzat (23.56,97) izan ziren.
Lehen hiru ziabogetan, hiru klub horien arteko lehia handia egon zen, denbora ia berbera egin baitzuten. Azkenengoan, eguraldi eta itsas baldintzak tarteko, bermeotarrek sendotasun handiagoa erakutsi zuten, garaipena eskuratzeko balio izan ziona. Gainontzeko taldeei dagokienez, Ondarroako eta Lekeitioko klubak, besteak beste, txukun aritu ziren. Ondarrutarren A taldea bosgarrena izan zen (24.39,06), eta B taldea, ostera, hamabigarrena (25.38,22); Isuntzak sailkapeneko seigarren postua lortu zuen, 24.42,48ko denbora eginda.