"Dantza, salta, oihu, kanta... aratusteetan"
Mozorroak armairutik atera, eta kaleak kolorez bete dituzte Busturialdeko herritarrek. Kalejirak, mozorro lehiaketak edota aratuste sasoiko jakien dastaketak nabarmendu dira herrietan.
Atorrak Mundakan. Txebi Arriaga Aratusteetan bete-betean sartuta daude Busturialdeko herritarrak. Han eta hemen jantzi dituzte mozorroak asteburuan, eta horrela segitzeko asmoa dute hurrengo egunetan ere. Denetariko egitasmoak eduki dituzte ondo atondutako egitarauek. Mozorroak eduki dituzte ardatz denek, baina, mota guztietako ekimenak izan dituzte aukeran: inauterietan ohikoak diren tostada dastaketak, desfileak, mozorro txapelketak, kalejira musikatuak, diskofestak….
Tradizioz betetako jai ezagunak dira Mundakakoak. Herriko pertsonaia famatuak diren Atorren eta Lamien etorrerak girotu zuen domeka, aratusteak baino egun hoberik ez dagoelako herrian. Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hobarik ez. Marrau atorra zuriakaz, buruan pañuelo sedazko ederragaz. Aratuste, aratuste, tostada egunak ederrak honexek. Honek jan eta neskak hartunda, plazara dantzan iluntzera arte.
Hala kantatu zuten atorrek, eta Lamiek, aldiz, dantzatzeko, oihukatzeko, salto egiteko eta kantatzeko deia egin zuten: Estudiantina goizez, iluntzean bapez, zeozer egin behar da, pentsaben oin berrogei urte, arpegia zuritu ta ilea ezkutatu, eta soineko baltzagaz, agertu zien lehenengo laminak Dantza, salta, oihu, kanta, aratustetan, Mundakako Laminak gara. Kanta, zirri, farre, irri, aratustetan, Mundakako Atorrak gara.
Atorren eta Lamien etorreraren aurretik, herriko umeen eta txistulari taldearen danborrada egin zuten zapatu arratsaldean. Eta, biharko ere hitzordua dute herriko txikienek, kalejiran batuko baitira.
Bermeoko Lantzeko inauteriak ere tradizioz betetakoak dira, eta, ohi legez, Lantzeko inauteriek herriko kale, txoko eta bazterrak kolorez jantzi zituzten zapatuan. Kalejira ederra eginda, Lameran amaitu zuten bidea aldarri eta irrintziz lagunduta; ohiturari jarraituz, Miel Otxin pertsonaia erre zuten bertan.
Baina bermeotarrek bihar izango dute aratusteetako egun nagusia: herriko ikasleek eta Erroxapeko emakumeak kalera aterako dira, inauterietako kalejiretan. Gainera, Tabernen Mozorro Lehiaketa egingo dute.
Busturian, herritarrek ikuskizuna eskaini zuten. Izan ere, Atxurkulu emakume taldekoek eta beraien deialdira batu diren hainbat eragilek, hamar baino gehiagok, ikuskizuna egin zuten kultur etxean. Bi herritar zapping egiten ariko bailiran, euren telebistatik herriko eragileak igaro ziren, eurek prestatutako lana erakustera. Ikuskizunak herritarrak erakarri zituen, hainbat izan baitziren kultur etxera joandakoak.
Eatarrek ere goi-goitik ospatu dituzte aratusteak. Zapatuan, herriko kaleetatik mozorro ibilbidea egin zuten, Eskolondon txokolate janagaz eta DJ Mitxelen jaiagaz amaitzeko.
Gernika-lumotarrek tradizioz eta berritasunez betetako inauteriak ospatu dituzte asteburuan. Barikuan, Igor Elortza eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariekin bertso poteoa egin zuten, baita I. Playback Lehiaketa ere. Bigarrenak arrakasta izan zuen, bereziki txikienen artean, eta Pasealekua denetariko mozorroz bete zuten, ordu batez plaza Rio de Janeirora eramanez. Zazpi izan ziren playback lehiaketan izena eman zuten taldeak, baina askoz gehiago horiek animatu eta musikaren erritmora dantzatzeko prest agertu zirenak. Antolatzaileek parte hartzaileak bi mailatan banatu zituzten, alde batetik helduak, eta, bestetik, umeak. Txikien mailan sei talde lehiatu ziren, eta bestean, berriz, bakarra.
Eta, zapatuan, Elai Alai Dantzari Taldeak prestatutako Marroen inauteriaz eta gazteentzako mozorro jaialdiagaz gozatu zuten. Gainera, Gernika-Lumoko Berbalagunek urteroko irrintzi erakustaldia egin zuten, eta hamabi kidek parte hartu zuten bertan. Domekan, tradizioari jarraituz, Marroen Aurreskua, marroen inauterietako erakustaldia eta oilarraren jokoan bildu ziren Foruen plazan.