20 proiekturen atariko zerrenda aurkeztu dute plan estrategikoaren bigarren bileran
Busturialdeko Plan Estrategikoaren talde eragilearen atzoko bileran udalek lehentasunezko proiektuei buruz duten iritzia azaldu zuten, eta, horri esker, atxikimendu handienekoak identifikatu zituzten. Zerrenda hori herritarrek egindako ekarpenek aberastuko dute

Busturialdeko Plan Estrategikoaren talde eragilea atzo (otsailak 27) batu zen Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren. Bigarren bilera horretan, aldundiko, jaurlaritzako eta eskualdeko hogei udal taldetako ordezkariak bildu ziren, eta eskualdeko erronkei eta beharrizanei aurre egiteko gaitasun eraldatzailea duten 20 proiekturen atariko zerrenda aurkeztu zuten.
Bileran, udalek lehentasunezko proiektuei buruz duten iritzia azaldu zuten, eta, horri esker, atxikimendu handienekoak identifikatu zituzten, haietan sakontzeko. Proiektu horiek orain arte aztertutako faseetan dute oinarria, hau da, planaren hasierako diagnosi fasean, udalekiko eta inguruko beste eragile garrantzitsu batzuekin egindako elkarrizketetan, eskualdeko lehenengo partaidetza foroan eta herritarren parte hartzean oinarritzen dira.
Hala eta guztiz ere, zerrenda hori herritarrek egindako ekarpenek aberastuko dute. Eta, dagoeneko 400 pertsona baino gehiago dira dira lineako galdetegia bete dutenak: “Adierazi dituzten ideia, hobespen eta ekarpenek gaur aurkeztutako atariko zerrenda hori aberastuko dute”.
Atzoko bileraren ondorioak ikusita, prozesuak aurrera jarraituko du; horretarako, proiektuen azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo da, baita plan estrategikoaren eskualdeko bigarren partaidetza foroa ere. Izan ere, Lehentasunezko Jarduketa Eremuak garatzeko erakundearteko estrategiari dagokion metodologiaren arabera, Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa aurtengo udaberrian egongo da onartuta. Hala ere, zehaztu dute plan horrentan jasoko dituzten proiektu eragileen kopurua mugatua izango dela, “eta erantzun oso eta koherente bat emango dietela herritarren ongizatean eragina duten eskualdeko erronkei”.