Lurgaiak bi erosketa akordio berri lortu ditu Urdaibain
Lurgaia Fundazioak 50,4 hektareako erosketa akordioak lortu ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren hegoaldean. Hiru lur eremu erosiko dituzte, eta bakoitza aztertu eta gero pixkanaka berreskuratuko dituztela azaldu dute.
Lurgaia Fundazioak Urdaibairentzat “berri zoragarriak” ditu: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren hegoaldean 50,4 hektareako bi erosketa akordio berri lortu dituzte, eta, ondorioz, lursail batzuk “espezie exotikoen industria-ustiategi pribatu” izatetik kontserbazioko basoak izatera igaroko dira.
Orain arte Monterreyko pinua, eukaliptoa eta Douglaseko izeia landatzeko erabiltzen ziren lurrak erosiko dituzte Arburun eta Areatzan (Muxika), eta 22,5 eta 4,4 hektarea dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, 10 hektareako beste lursail bat erosiko dute Berrekondon (Mendata), eta 13 hektareako hirugarren lursail bat Undabason (Muxikan). Ondorioz, Undabasok 230 hektarea izango ditu. Jakinarazi dutenez inbertsioaren kostua 162.652 eurokoa izango da.
Fundaziotik nabarmendu dutenez, eremu bakoitza baloratu eta “pixkanaka berreskuratuko” dute: “Batzuetan landatzen, eta beste batzuetan esku-hartze minimoa egiten, naturari bere kabuz eta bere tresnekin lan egiten utziko diogulako”. Landaketei dagokionez, “bertako espezieen” zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dituztela azaldu dute. “Argi daukagu ez ditugula erabiliko basogintzaten berezko tresnak, hau da, matarraskak, sastrakak moztea, inausketak, argitzeak eta, jakina, mozketak edo uztak”, gehitu dute.
Lur emankorragoak.
Basoen balio ekonomikoa aprobetxatuko ez badute ere, balioan jarri nahi izan dute lursail horiek eskaintzeko duten guztia: “Ekonomikoki baloratzeko oso zaila den baliabide bat ekoizteari ekingo diote: biodibertsitatea”. Zehaztu dutenez, “monolaborantzek ez bezala”, baso horiek mantenugaien zikloa hobetzeko “ahalmen handiagoa” dute, lur emankorrgadorak sortzeko deskonposizioan dagoen egurraren bidez. Horrez gain, uraren atxikipena, kalitatea eta kantitatea ere hobetzen dituzte, “sustraiek beti finko jarraituko dutelako”.
Modu berean, baso horiek tokiko klima eta euri kantitatea erregulatzen laguntzen dute, “klima globalean ere eraginez”: “Karbono dioxido hustubide gisa jokatzen dute, klima-aldaketa arinduz, et betiko, ez baitira inoiz moztuko. Gainera, gure paisaia eta kultura ondarearen zati galdu bat berreskuratuko dugu horrela, eta, batez ere, biodibertsitate erreserba handiak izango dira”.
Lurgaitik zehaztu dutenez, erosketa pribatua badirudi ere, erosiko dituzten lurrekin duten helburua “ondasun komuna baino ez da izango”. Era berean nabarmendu dute erosketa horiek posible egiten dutenak bazkideak eta dohaintzak egiten dituzten pertsona eta enpresak direla, eta diru hori “lur zati berriak erosteko edo berreskuratzeko soilik” erabiltzen dela.
Landaketa berria, zapatuan
Lurgaiak Fundazioak landaketa jardunaldi berria antolatu du zapatuan [martxoak 1], eta azaldu dutenez, Urdaibaiko “lursail berri batzuetara” joango dira. 09:00etan jarri dute hitzordua, Muxikako Ariatza auzoan dagoen Txori Errota garagardoaren aurrean dagoen aparkalekuan. Plazak mugatuak direnez, izena eman beharko da eta horretarako azken eguna eguena [otsailak 27] izango da.
Landaketa egingo duten lursaila “etorkizuneko baso” bihurtzea pentsatu dutela azaldu dute Lurgaiakoek, herritarrak landaketagaz bat eginez gero “askoz hobeto” egingo dutela gehituta. Hala, zapatuan landaketara bertaratuko direnei gomendio batzuk egin dizkiete, hala nola, goiz guztirako ura eramatea “ontzi berrerabilgarrian” edota prakak luzeak eta mendiko botak janztea (euria egiten badu, uretakoa arropa edo euritakoa). Jakinarazi dutenez, jarduera ez da gomendagarria 6 urtetik beherakoentzat.