EH Bildu: "Justiziak biktimaren erreparaziorako urrats erabakigarria eman du"
"Segurtasunean oinarritutako eta inpunitaterik gabeko kirolean" sinesten du Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta atzo jakinarazitako Mario Lopezen kontrako epaiaren aurrean, taldea hasieratik biktimarekin egon dela gogoratu dute. Era berean, iazko urtarrilean Indarkeriaren Behatokian adostutako prozesua abian jartzea "premiazkoa" dela adierazi dute.
Atzo jakinarazi zen Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohiari hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diola Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Horren harira, Gernika-Lumoko EH Bilduk “justizia, erreparazioa eta konpromisoa” goraipatu ditu, taldea hasieratik biktimarekin egon dela gogoratuz. “Gernika-Lumoko herriaren eta gure taldearen konpromisorik sendoena hasieratik egon da biktimarekin, bere hitzean sinetsiz eta bere alboan egonez, errespetuz. Gaur berriro esan nahi dugu: guk sinesten zaitugu!”, azaldu dute.
Halaber, Gernika-Lumoko Sare Feministaren lana, eta biktimari emandako babesa “ezinbestekotzat” du EH Bilduk: “Bide luze honetan guztian, ezinbestekoa izan da sare feministak egindako lana, eta erreparazioa bermatzeko biktimari emandako babesa”. Epaiarekin, justiziak biktimaren erreparaziorako “urrats erabakigarria” eman duela ere uste dute koalizio subiranistako kideek, eta autokritikarako unea dela nabarmendu dute: “Udalak eta erakundeek berehalako laguntza eraginkorra eman behar diete biktimei, hasiera-hasieratik, justiziaren bide neketsuaren aurrean bakarrik utzi gabe“.
Indarkeriaren Behatokia. Kirolak espazio segurua izan behar duela argi du EH Bildukoek, beti ere, “beldurrik eta indarkeriarik gabe”. Izan ere, eman dituzten datuen arabera, “bost haurretik batek sexu-indarkeria jasatzen duela adierazten du estatistikak”, eta horren aurrean “erabakitasunez jokatzea eta uneoro babesa eta sinesgarritasuna bermatzea erantzunkizun kolektiboa” dela azpimarratu dute. Haatik, iazko urtarrilean Indarkeriaren Behatokian adostutako prozesua abian jartzea “premiazkoa” dela esan dute; Umeak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurrean Modu Integralean Babesteko Lege Organikoaren neurriak “oso-osoan” aplikatuz, besteak beste: “Premiazkoa da Indarkeriaren Behatokian adostutako prozesua abian jartzea eta lege organiko horretako neurriak aplikatuz eta kirol-eremuan sexu indarkeriaren kontrako lan-mahai bat ezarriz, berdintasun zerbitzuaren, kirol patronatuaren, kolektibo feministen, kirol taldee eta ikastetxeen parte hartzearekin”. Gauzak horrela, “prozesu hori bideratzeko neurriak hartzen hasteko” eskakizuna zabaldu du Gernika-Lumoko EH Bilduk.