Domekan ospatuko da Itsas Gudari Eguna
Alkartasuna Fundazioak eta Eusko Alkartasunak, beste behin, Itsas Gudari Eguna antolatu dute. "Autogobernuari eta erabakitzeko eskubideari buruz eztabaitatzeko", 'Demokrazia. Erabakia. Subirotasuna' solasaldia jorratuko dute Kafe Antzokian.
Alkartasuna Fundazioak eta Eusko Alkartasunak Itsas Gudari Eguna ospatuko dute Bermeon, beste behin. Aurton, domekan (martxoak 2) jorratuko da Matxitxakoko batailan borrrokatu zuten itsas gudariak omentzeko ekimena. Hala, Demokrazia. Erabakia. Subirotasuna solasaldia antolatu dute Bermeoko Kafe Antzokian, Alkartasuna Fundazioaren hitzetan, “autogobernuari eta erabakitzeko eskubideari buruz eztabaitatzeko” helburuz.
Mahai inguruak, batik bat, Eba Blanco de Angulo EAko (Eusko Alkartasuna) Idazkari Nagusia, Idurre Bideguren Gabantxo Senataria, Zelai Nikolas Ezkurdia Legelaria eta Irantzu Perello Lafuente Gure Eskuko kidea bilduko ditu, Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzarkide ohia den Meritxell Elgezabalek moderatzaile lanak egingo dituen solasaldian.
Adierazi dutenez, “Euskal Herriaren estatus politiko berriaren eta berme guztiekin eraikitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio sozialari buruzko topaketa izango da”. Gainera, erakunde publikoetatik egindako lanaren, eta eragile zein legelarien ikuspuntutik jorratuko dituzte gaiak solasaldian. Gauzak horrela, “Estatutu berriaren proposamena, Europar Batasunean argitasun esparru baten beharra, negoziazio politikoa eta Gure Eskuren lana” aztertuko dituztela gaineratu dute.
Solasaldiaren aurretik, baina, “ohiko lore eskaintza” egingo dutela aurreratu dute Alkartasunako kideek: “Goizeko 11:00etan ekitaldiek lehorrean jarraituko dute ikurrinaren altxaerarekin eta gudariei omenaldiarekin Matxitxakoko Guda eskulturan. Horrekin, orain dela 88 urte bertako uretan borrokatu zuten itsas-gudariak oroituko ditu Alkartasuna Fundazioak”.