Ezertarako aukera barik
Lointek Gernika Bizkaiak 102 eta 49 galdu du Valencia Basketen kontra. Emakumezkoen Endesa Ligaren liderrak ez die inongo aukerarik utzi gernika-lumotarrei, La Fontetan. Hurrengo neurketa zapatuan [martxoak 1] jokatuko dute, etxean, Hozono Global Jairisen aurka.

Garaipen bi jarraian lortuta iritsi zen Lointek Gernika Bizkaia La Fontetara, iragan zapatuan [otsailak 22], Valencia Basketen aurkako neurketara. Taldearen momentu gozoa eta jarrera, baina, ez ziren inondik inora nahikoa izan Emakumezkoen Endesa Ligaren liderraren kontra, txapelketaren 22. jardunaldian. Etxeko taldea nahieran aritu zen etxeko jarraitzaileen aurrean, eta garaipen erosoa poltsikoratu zuen. Galtzeko ezer barik kantxaratu eta aurkariari aurpegia erakutsi arren, gernika-lumotarrek 102 eta 49ko markagailuagaz galdu zuten.
Elena Buenavidaren hutsuneak kanpoaldeko jokoa kamustu zien bisitariei. Valentziarrak lehiakor agertu ziren lehen unetik, eta berehala harrapatu zutem hamar puntuko abantaila. Irati Etxarriren hiruko saskiratzeak arrakala apaldu zuen, 34 eta 28ra hurreratuz. Edozelan ere, granateei asko kostatu zitzaien puntuak patrikaratzea, batez ere, korrika ez zebiltzanean. Hala, erreboteak zukutzea hil ala bizikoa zen eurentzat. Leonie Fiebich alemaniarraren hirukoak hamahiruko errenta lortu zuen, etxekoen alde.
Minutuek aurrera egin ahala, partiduak valentziarren alde egin zuen argiki. Bisitariei, ostera, gehiago eta gehiago sufritzea egokitu zitzaien. Defentsatik abiatuz, beraien jokoa eta erritmoa zapaltzaileak izan ziren. Gernika-lumotarrei beraien mailarik handiena kantxaratzea zegokien, eta ez zuten ezelan ere hura lortu. Gainera, etxekoek Mersin Cukurovaren 27 eta 7ko partziala alde eduki zuten, baita hiruko lerrotik erakutsitako eraginkortasuna ere. Faktore haiek isla eduki zuten markagailuan: 59 et 38koa, lehenik; 69 eta 42koa, ondoren. Hain zuzen, 71 eta 45ekoagaz burutu zuten hirugarren laurdena. Valentziarrek den-dena alde zuten.

Argazkia: Gernika KESB.
Nahi eta ezin.
Azken laurdenari zegokionez, etxekoen portzentajeak ez ziren jaitsi, eta aldeek gora egin zuten. Zazpi minuturen faltan, 80 eta 45ekoagaz, ia-ia ez zegoen inongo aukerarik Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Azken txanpan, Lucas Fernandez entrenatzaileak zenbait errotazio egiteko aprobetxatu zuen, lantaldean zenbait arazo fisiko dituzten jokalariak baitira, egun. Hori horrela, Naia Zubiaga gernika-lumotar gazteak goi mailako lehiaketan minutuak eduki zituen. 102 eta 49koagaz amaitu zuten norgehiagoka. Granateak jadanik hurrengo hitzorduaren zain daude. Datorren zapatuan [martxoak 1], ligako 23. jardunaldiari dagokion partidua jokatuko dute Malosten, 18:30ean hasita, Hozono Global Jairis taldearen aurka.
Lucas Fernandez: “Porrotak hobetzeko balio behar digu, aurrera egiteko, eta hurrengo partiduari begira ahalik eta mailarik handienean ekiteko”
Partidua amaitu ondoren, Fernandezek valentziarrak zoriontzea zegokiela azpimarratu zuen: “Ondo genekien norgehiagoka gogorra eta aurrera ateratzen gaitza izango zela”. Entrenatzaileak nabarmendu zuen partiduaren lehen erdian “aukerekin” aritu zirela: “Hori bai, baloia hainbatetan galdu genuen, eta geure aukerak esperotakoak baino gutxiago izan ziren. Hirugarren laurdenean, beraien hirukoek min handia egin ziguten eta, gogor saiatuta ere, ez ginen gai izan markagailuak erakusten zuen errenta murrizteko”. Porrotetik “ikaspenak” egin behar direla azaldu zuen: “Hobetzeko balio behar digu, aurrera egiteko, eta hurrengo partiduari ahalik eta mailarik handienean ekiteko”.