Desertuko hirugarren postuari lotuta
Pello Bilbaok hirugarren postuan amaitu du UAE Tourra, Tadej Pogacarren eta Giulio Cicconeren ostean amaituta. Podium postu horregaz, gernika-lumotarrak jarraipena eman dio Valentziako Itzulian lortu zuen hirugarren postuari. UAE Tourraren podiumean amaitzen duen hirugarren aldia da Bilbaorentzat.

Pello Bilbao Lopez de Armentiak ez du kale egin denboraldi hasierako gailurretako batean. UAE Tourra lehiaketen aldiaren hastapenean giltzarri izan ohi da gernika-lumotarrarentzat, eta aurten, beste behin, Arabiar Emirerri Batuetako itzuliaren podiumean sartzea lortu du Bahrain Victorious etxeko txirrindulariak: hirugarrena izan da. Aste osoan lehiakor azaldu da, Valentziako Itzulian bistaratutako erregulartasunari eta sasoi onari jarraipena emanez. Haizea izan da lasterketaren gakoetako bat, hainbat egunetan haize babesak sufritu behar izan dituztelako parte hartzaileek. Desertuko muga-mugako egoera horietan maisuki aritu da Bilbao, momentu garrantzitsuenetan onenen pare azalduz.
Bigarren egunean, 12 kilometroko erlojupeko leuna lehiatu zuten ziklistek. Bere txirrindulari ezaugarrietarako azterketarik egokiena izan ez arren, Bilbaok zortzigarren postu esanguratsua lortu zuen, sailkapen orokorra bete-betean lehiatzeko prest zegoela agerian utziz. Egun bitan, mendatean amaitu ziren etapak: bata, Jebel Jais tontorrean; bestea, Jebel Hafeet gailurrean. Bietan ala bietan sendo azaldu zen gernika-lumotarra. Lehen mendatea, luzea izanagatik ere, ez zen penditz aldetik gogorra, eta Bilbao ez zen gainontzeko hautagaien artean nabarmendu. Atzoko [otsailak 23] azken etaparen helmuga kokatuta zegoen mendatean, baina, behetik gorako lasterketa egin zuen. Tadej Pogacar faborito nagusiak Jebel Hafeet magaletik eraso bortitza jo zuen, aurkari oro bigarren postura mugatuz.

Pello Bilbao, UAE Tourra lehiatuz.Sprintcycling
Zenbakiak, alde.
Bilbao ez zen sartu esloveniar izarraren gonbitara, baina apurka-apurka bere igoera propioa egin zuen. Movistar etxeko Ivan Romeo (azken podiumerako bere zuzeneko aurkaria) eta Pablo Castrillo, Red Bull-Bora Hansgrohe taldeko Finn Fisher-Black eta Picnic PostNL etxeko Oscar Onley harrapatu eta atzean utzi zituen lehenik; ondoren, Lidl-Trek taldeko Giulio Ciccone harrapatu zuen. Italiarra azken esprintean bizkorragoa izan arren, Bilbaok Romeorekiko beharrezko abantaila ziurtatu zuen, podiumean beste urte batez tokitxoa lortuz.

Pello Bilbao, Jebel Hafeet tontorra harrapatuz.Sprintcycling
Hain zuzen ere, denboraldi hasierako itzuli horren emir handienetako bat da Bilbao. Azken hiru urteetan, podiumean edo podiumetik hurre egon da: 2022an eta 2024an hirugarrena izan zen; 2023an, berriz, laugarrena. Itzulia Basque Country edota Italiako Giroa ortzimugan ditu Bahrain Victoriousekoak, eta proba bietara maila handian ailegatzeko bide egokia hartua du.
Pello Bilbao: “Azken igoeran ez nuen taldekiderik, eta bakarrik moldatu behar izan nintzen. Dena dela, aste osoan zehar eman didaten babesagatik oso eskertuta nago”
Podiumera igotzeko puntuan zela, gernika-lumotarra “oso pozarren” agertu zen hirugarren postuagatik, “aste gogorra” izan zela azpimarratzeagaz batera. Hautagai nagusia izan ez arren, “presioa” igarri duela adierazi zuen: “Izan ere, azken igoeran ez nuen taldekiderik, eta bakarrik moldatu behar izan nintzen. Dena dela, aste osoan zehar eman didaten babesagatik oso eskertuta nago”. UAE Tourra “maila handiko itzulia” izan zela ere azaldu zuen: “Lehiakortasun handia egon da lehendabiziko etapatik, eta haizea nahiz igoerak gainditzea ez da erraza izan“.